Euskadiko Kanpo Sarea hazi egin da Australian
2024-12-26 12:06 KultureaBulegoa Emma Stevensek zuzenduko dau eta 300 Barangaroo Avenuen, Sydneyn kokatuta dago.

Australiako bulegoa Asia-Pazifikoko eskualdean dago, hau da, Euskadiko sektore estrategiko gehienetan etorkizunean hazkunde ekonomikorik handiena izango dauen munduko eskualdean.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Australiako merkataritza-bulegoa edegi dau eta, beraz, SPRI Taldeko Basque Trade & Investment agentziaren Kanpo Sareak 22 merkataritza-bulego propio ditu dagoeneko eta mundu osoko 92 herrialderi baino gehiagori emoten deutse zerbitzua. Beraz, Eusko Jaurlaritzeak Eusko Legebiltzarragaz horri jagokonez hartutako konpromisoari erantzun deutso. Bulegoa Emma Stevensek zuzenduko dau eta 300 Barangaroo Avenuen, Sydneyn kokatuta dago.
Sydneyn edegitako bulegoaren izen ofiziala Australia eta Zeelanda Barriko bulegoa, izan be, eskualde estrategikoa da euskal enpresentzat, Euskadiko sektore estrategiko gehienetan (energia, sare elektrikoak, makina-erreminta, telekomunikazinoak) etorkizunean hazkunde ekonomikorik handiena izango dauen munduko eskualdetzat hartuta dago eta osotzen daben merkatu nazionaletan kokatutako euskal enpresa ugari dagoz.
Bestalde, Euskadik oraindino ordezkaritzarik ez eban herrialdeen artean, Australia da euskal enpresentzat hazkunde-ahalmenik handiena dauena, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak egindako azterlan baten arabera. Euskal erakundeen presentziak gora egin dau Asia-Pazifikoko eskualdean azken bi hamarkadetan, Eusko Jaurlaritzeak merkataritza-ordezkaritzak edegi ditu Txinan (2003), Indian (2009), Singapurren (2015), Japonian eta Hego Korean (2022) eta 2024an edegitako Australiakoa.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik adierazo dauenez, merkataritza-bulego barriaren edegierea aukera handia da Eusko Jaurlaritzeak Euskadi nazioartekotzeko hainbat hamarkadatan landutako politikak indartzeko. Industria-herrialde txikia gara eta, horregaitik, garrantzitsua da mundura zabaltzea. Nazinoartekotzea gure industriarako lehiakortasunaren baliokidea da. Gure merkataritza-bulegoek merkatu barrietara jo nahi daben euskal enpresei laguntzen deutse eta, aldi berean, oinarrizko tresna dira Euskadin inbertidu eta ezarri nahi daben atzerriko enpresak erakarteko.
Australia, ekonomia garrantzitsua da Euskadirentzat, izan be, energía, azpiegitura, meatzaritza eta nekazaritzako industria eta osasun-gailuetan sano indartsua da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!