‘Udalarekin Berbetan’, Bakioko udal ordezkarien eta herritarren arteko foro edegia
2024-12-26 09:31 Pil-pileanHerritarren eta udalaren arteko komunikazino zuzena sortzea da helburua.
Abenduaren 27an Udalarekin Berbetan izeneko foro edegia egingo da Bakion, udal ordezkarien eta herritarren artean. Gaur egun hainbat kanal ditue informazioa trukatzeko: sare sozialak, hedabideak, telefono bidezko mezuak, emailak eta bestelakoak baina, sarritan ondo etorten da aurrez aurre batzea eta asti nahikoagaz patxadaz berba egitea. Horregaitik, hilaren 27ko ekimenaren helburua herritarren eta udalaren arteko komunikazino zuzena sortzea da, informazinoak eskaintzeko eta dudak argitzen saiatzeko.
Arratsaldeko 18:00etan hasiko da pleno aretoan eta udalak bertan parte hartu deien animetan ditu herritarrak. Ana Urrutia eta Urtzi Gartzia kazetariek egingo dabe aurkezle eta dinamizatzaile lana.
Foroak hiru atal izango ditu. Batetik, udal ordezkariek aurrekontu parte-hartzaileetako proiektuen informazinoa eskainiko dabe, izan be, igaz lanketea egin zanean, hautatutako proiektuen jarraipena egin eta herritarrak informetako konpromisoa hartu eben. Esangura horretan, skateparkaren, kanpoko pelotalekuaren eta kiroldegiaren obrak zelan doazen azalduko dabe eta Bakio inguratuko dauen eraztun berdeari buruz be jardungo dabe. Bestetik, urte barria ate joka dogu eta datozen hileetarako aurreikusitako egitasmo nagusiak be azalduko ditue.
Foroa amaitzeko, herritarrek hainbat galdera egiteko eta dudak argitzeko aukerea izango dabe, bai eguneko informazinoari buruz, eta baita bestelako gaien inguruan be. Galdera horreek aurrez bialtzeko aukerea egongo da eta holan, udal ordezkariek informazino osotuagoa eskaini ahal izango dabe. Hauxe da herritarrek galderak bialtzeko emaila: komunikazioa@bakio.eus.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!