Bernat Vidal, Euskal Dendako arimea, omendu dau Durangok

Bizkaie! 2024-12-26 07:50   Kulturea

Arbaso alkartean egin dauen 29 urteko ibilbideagaitik.


Mireia Elkoroiribe eta Bernat Vidal.

Durangoko Udalak omenaldia egin deutso Bernat Vidali, 29 urteko dedikazinoaren ondoren Arbasoko presidente kargua itxi ondoren. Aurten Durangoko Azokearen bueltan hogeita zortzigarren edizinoa egin dauen Euskal Dendea artisautza azokako sustatzaile lanetan oso ezaguna da Vidal.

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak, Udalbatzako zinegotziakaz batera, Vidalen ibilbidea eta udalerriari egindako ekarpen baliotsua nabarmendu ditu Udal Osoko Bilkura aretoan egindako ekitaldian. Elkoroiribek euskal artisautzearen sustapenagaz dauen konpromisoa eta Euskal Dendearen arrakastan dauen oinarrizko lana azpimarratu ditu, Durangon erreferente kultural eta ekonomiko lez sendotu dan jarduerea.

Esker on legez, Udalak plaka oroigarri bat emon deutso Vidali, egindako lan nekatuezina eta Durangoko uribilduari egin deutson ekarpena eskertzeko.

Euskal Dendea, artisautzea eta kultura ondarea

Bernat Vidalen zuzendaritzapean, Euskal Dendea bertako eta Euskal Herri osoko artisauen lanaren erakusleiho bihurtu da eta urtero milaka bisitari erakarten ditu. Ekitaldi honek, tokiko ekonomia dinamizetako eta euskal artisauen tradizinoak jagoteko eta ikusarazoteko be balio izan dau.

Durangoko Udalak beren-beregi eskertzen dau Bernat Vidalen dedikazinoa eta berretsi egiten dau uribilduaren bizitea aberastuko daben ekimen kultural eta ekonomikoak babesten jarraitzeko konpromisoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu