Petra Perezek irabazi dau Xabier Saenz de Gorbea III. Saria
2024-12-20 13:12 KultureaVanguardia galeriaren sortzaile eta zuzendariari emon deutse.
Dedikazino artistikoari eskainitako Xabier Saenz de Gorbea Sariaren epaimahaiko kideak honako honeek izan dira: Miguel Zugaza, Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendaria; Beatriz Herráez, Artium Museoko (Gasteiz) zuzendaria; Frantxi López Landatxe, Koldo Mitxelena Kulturuneko (Donostia) zuzendari ohia; eta Sonia Rueda, artistea. Hirugarren edizino honetan, epaimahaiak saria Petra Pérez galeristeari emotea erabagi dau, hain zuzen be, Vanguardia galeriaren sortzaile eta zuzendariari. Edegi ebenetik, lehenengo Getxon eta, ondoren, Bilbon, Vanguardia erreferentziazko galeria bihurtu da euskal testuinguruan, haregaz batera erregulartasunez lan egin daben eta galerian erakusketak izan dituen artisten katalogo zabal eta entzutetsuari esker. Oinarrizkoak izan dira nazinoarteko agertokiagaz dauen loturea eta arte garaikideko galerien sektore profesionalari emon deutson laguntza aktiboa.
Saria emoten dauen epaimahaiak Petra Perez autortu dau honengaitik:
... arte garaikidearen eta euskal artearen aurrean izan dauen konpromisoagaitik, Bilboko Vanguardia galeriaren buru izan dan berrogei urteko etenik bako ibilbidean. Galeria 1984an sortu eban, proiektu personal eta profesional lez.
Epaimahaiak haren erakusketen aniztasuna eta kalidadea be balorau ditu eta aitagarritzat jo dau:
... zorrotz garaikideak diran artista garrantzitsuen lana zabaldu eta sustatzeko egindako lana, askotariko proposamen eta prozesu artistikoak batu baititu.
Petra Perez (Errioxa, 1952)
Merkataritza-arloko ikasketak egin ondoren, Petra Perez Arte Aplikatuetan graduau zan eta Arte Ederretako lizentziaturea lortu eban Euskal Herriko Unibersidadean. Ondoren, Arte Garaikideko doktorego-ikastaroak egin zituan. Haren esperientzia profesionala arte garaikidearen merkaturatzeagaz eta bultzadeagaz lotuta dago eta, hain zuzen, orain berrogei urte baino gehiagotik Vanguardiaren jaube eta zuzendaria izanik, horixe sustatu dau bere galerian.
Arte garaikidearen sektore profesionalagaz izandako lotureari esker, galeriei eta artearen merkatuari buruzko nazinoarteko Talking Galleries topaketetan parte hartu dau, 2011n lehen edizinoa Bartzelonan egin ebenetik 2019ra arte. Era berean, Euskadiko Arte Garaikideko Galerien Alkartearen (AGACE) sortzailea da eta erakunde bereko presidentea izan da zortzi urtez.
Horrezaz gan, gaur egungo arteagaz dauen konpromisoaren harian, zenbait alkarte profesionaletan parte hartzen dau, esaterako, Arte Garaikideko Espainiako Galerien Partzuergoan, Arte Garaikidearen Institutuan (IAC) eta Emakumeak Ikusizko Arteetan (MAV) erakundean. Azken erakunde horren helburu nagusia sektorean emakumeen eta gizonen arteko benetako bardintasun eraginkorra lortzea da eta 2014an MAV Saria emon eutson Petra Pérezi, izan dauen ibilbide profesionalagaitik.
Vanguardia galeria
1984an Getxon (Bizkaia) zabaldu ebanetik, galeriaren jarduerea talentu emergenteei laguntzea izan da helburua, horreen produkzinoa ezagutzera emonez, ezagunak diran artistenagaz batera. 1987an Bilboko Mazarredo zumarkaleko 19. zenbakira eroan eben galeria, eta hantxe jarraitzen dau oraindino be, Arte Ederren Bilboko Museotik eta Guggenheim Museotik eta uriko beste galeria eta kultura-gune batzuetatik hur.
Egiten dauen merkataritza-jardueraz gan, lan garrantzitsua egiten dau erakusketen eremuan, abangoardiakoak diran eta modan dagozan artistak, hizkuntzak eta euskarriak sustatzeko, esaterako, bideoartea, performancea eta teknologia barriak.
Galeriak jarduera-plan hori martxan jarri eban Euskal artista-sorta izeneko talde-erakusketa bategaz; horretan, besteak beste, artista honeek izan ziran: Pello Irazu, Marisa Fernández, Jesus Mari Lazkano, José Ramón S. Morquillas, Juan Luis Moraza, Txomin Badiola, Dora Salazar, Pablo Milicua eta Ángel Bados.
Historian zehar, nazinoarteko arte-azokarik garrantzitsuenetan parte hartu dau Vanguardia galeriak, besteak beste, Madrilgo ARCOn eta Estampan, ArteSantander azokan, bai eta London Art Fair, LA Art Show, Art Cologne eta Art Forum Berlin, Art Brussels, Moving Image (Londres) eta Loop Barcelona azoketan be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!