Olentzero eta Mari Domingi Bilboko umeakaz izango dira astelehenean

Bizkaie! 2024-12-20 11:19   Pil-pilean

Agurra 18:00etan izango da, Carlton Hoteleko balkoitik.

Olentzero eta Mari Domingi Bilboko kaleak zeharkatuko ditue abenduaren 23an, astelehena, arratsaldeko seietatik aurrera, betiko kalejiran. Halanda ze, ibilbidea Moyua plazan hasiko da. Lehenago, plazara begira dagoan Carlton Hoteleko balkoitik, Olentzero eta Mari Domingi gerturatutako personak agurtzera urtengo dira, Galtzagorriekaz batera. Ondoren, Gabonetako personaien desfilea Kale Nagusia eta Nafarroa kalea zeharkatuko ditu eta Arriaga Antzokiraino helduz.

Programazinoa

  • 18:00etan: ondo etorria eta Olentzero eta Mari Domingiren agurra Carlton Hoteleko balkoitik, Moyua Plazan.
  • 18:15ean: Olentzero bere egurrezko Pottokaren ganean joango da Arriaga Antzokirako bidean. Beraregaz batera Mari Domingi izango da bere antzararen ganean eta Basajaun, barriz, bere trizikloan. Antzara ez da bakarrik joango, izan be, antzar kumeak izango ditu alboan. Galtzagorriek, Galtzagorri Nagusia buru dabela, dibertimenduz beteko dabe ibilbidea. Hiru ipurtargi erraldoi, Gutu herensugea, bertoko jantza taldeak eta zanpantzarrak edo joldunen talde handiek ibilbidean be parte hartuko dabe. Kalez kale ibiliko dira Argiontzia gidagaz, halanda ze, aurton lehen aldiz kalejiragaz bat egingo dauen euskal tradizinoaren farola izango da.
  • 19:15ean: Olentzero, Mari Domingi eta bere koadrila Arriaga Plazara helduko dira. Berton Juan Mari Aburto alkateak eta Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako zinegotziak harrerea egingo deutse anfitroi gisa. Alkateak uriaren makila emongo deutso Olentzerori eta Gabonetako musikarien bandagaz hasiko da ikuskizuna.
  • 20:00etan: Olentzero eta Mari Domingi Arriaga Antzokiaren balkoira aterako dira han alkartu diran bilbotar guztiak agurtzeko.
  • 20:15ean: Kalejiraren amaierea.

#Bilbaogabonak ekimenak 49.000 bisita izan ditu lehen hiru asteetan

Patinatzeko izotz-pista sintetikoak, izotz sintetikodun txirristak eta umeentzako jarduerak eskaintzen dituan Txikiguneak, Gabonetako Amesen Faktoria izenekoak, 49.298 bisita hartu ditu lehenengo hiru asteetan (zemendiaren 22tik abenduaren 17ra). Nobedade bezela, aurtongo edizinoan 2023an baino astebete lehenago edegi dira aitatutako jarduerak; holan, Ripako kaian eta Arenalean kokatutako hiru atrakzinoak aisialdiko erreferente bezela finkau dira barriro Gabonetan Uribilduan.

Patinatzeko izotz-pista sintetikoari jagokonez, 13.249 persona ibili dira zemendiaren 22tik abenduaren 17ra bitartean. Arenaleko kaian dagoan pistak 800 metro karratuko azalerea dau eta modalidade honetako Estaduko handienetakoa da. Aurton, azalera osoaren %60 estalita dagoanez, izotz-pista uriko hainbat lekutatik askoz be ikusgarriagoa da. 2025eko urtarrilaren 6ra arte egongo da edegita: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era lanegunetan eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara asteburuetan, jaiegunetan eta eskolako Gabonetako opor-egunetan. Abenduaren 24an eta 31n 11:00etatik 14:00etara egongo da edegita eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, barriz, 17:00etatik 21:00etara.

Ripako kaian dagoan izotz sintetikodun txirristak irristatzeko sei errei ditu eta patinaje-pistaren ordutegi berberak ditu. Guztira, hiru asteetan, 9.031 lagun irristatu dira bertan.

Jarduera bietarako taldeko erreserbak (20 persona edo gehiago) egiteko aukerea dago. Horretarako, mezu bat bidali behar da helbide elektroniko honetara.

Bai patinaje-pistarako bai txirristarako sarrerak instalazinoetako leihatilan (instalazinoak itxi baino ordu erdi aurretik zarratuko dabe leihatila) edo webgune honetan eros daitekez.

Umeentzako Txikigunea

Ripan, txirristaren ondoan, umeentzako jarduerak eskainiko dituan Txikigunea dago, Gabonetako Amesen Faktoria izenekoa: 450 metro karratuko karpa batean 12 urtera arteko umeentzako jarduerak eta ikuskizunak eskaintzen ditu. Dagoeneko 27.018 umeek disfrutau dabe Txikiguneaz lehen hiru asteetan eta urtarrilaren 5era arte holan jarraitu ahal izango dabe.

Espazioa astelehenetik barikura dago edegita, 16:00etatik 20:30era eta asteburuetan eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean goizez edegiko dabe, 11:00etatik 14:00etara. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an itxita egongo da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu