Kontukantarik umeentzako kantu barriak dakarz
2024-12-20 09:45 KultureaUmeentzako kalidadeko eszena eta musika-eskaintzea sortzea da asmoa.

2014an sortu zan proiektua txotxongiloakaz batera, betiko euskal kantuak beste erritmo batzuekaz buztartuz, txikiek ikasi eta nagusiek ahaztu ez deiezan.
Euren hirugarren lana Zimurren artean kontukantari (III), urtarrilaren 20an estreinau eben Bilboko Azkuna Zentroan eta hurrengo domekatik aurrera Euskal Herriko herrietan aurkeztuko dabe, aurreko lanakaz batera (sarrerak agortzen hasi dira).
Kantu barriak dira: Loa loa (herrikoia); Iturengo Arotza (herrikoia); Maiteak galde egin zautan (herrikoia); Martxa baten lehen notak (Mikel Laboa); Hitz margotuak (Su Ta Gar); Agure Zaharra (Xabier Lete); Txatxamalinatxu (Mikel Urdangarin); Karpe Diem (Joxe Ripiau); eta Mendian gora haritza (Imanol Larzabal).
Kontuak kontu, LaEnanaNaranjak dakar Zimurren artean kontukantari 3, belaunaldien arteko bidaia musikala, aitita-amomen zimurren jakinduriaz betea.
Kontukanatari 3 aiton-amonei eta euren jagoletza-lanei egindako omenaldia da, izan be, oinarrizko zutabe bihurtu dira egungo familien biziraupenerako. Baina joandako denporetara bidaia be bada, gomutetara bidaia; taldearen asmoa txikienei euren aurretik egoana kontetea baita, gomutei buruz berba egitea, gure aurretik jazotakoa sano garrantzitsua izan zala gogoratzea.
Aurreko ikuskizunetan lez txotxongiloak dira protagonista eta oraingoan personaia gehiago aurkeztuko ditue: Nanuren amama, Benita eta birraitita-amamak, Erramun-Joakin eta Maruxi.
Itziar Fragua, Marta Álvarez del Valle eta Jon Koldo Vázquez txotxongiloei bizia emoten deutsen aktoreak dira eta oraingoan, kanpoko begiradarako, Iker Garciaren laguntza izan dabe.
LaEnanaNaranjakoak titiriteroak dira bokazinoz, Bilbon sortu zan taldea 1999an. Artisten ibilbidean nabarmentzen dira Kontukantari trilogia musikala, mahai-txotxongiloakaz egindako antzezlanak: Lolo; 215. Eskakizuna, Imundo; Hesi-Puskatzailea eta Ma. Tren Taupadak eta Altzoko Handia txotxongilo-operea, Donostia 2016 eta Topic, Tolosako Txotxongiloen Nazinoarteko Zentroagaz batera produzidutakoa.
Gabonetako Birea
Zimurren artean Kontukantari (Kontukantari 3)
Abenduak 22 - 17:30ean, Zallan.
Abenduak 26 - 17:30ean, Zornotzan.
Abenduak 29 - 12:30ean, Basaurin.
Abenduak 29 - 17:00etan, Ermua
2025eko urtarrilak 12 - 12:00etan, Santurtzin.
2025eko urtarrilak 19 - 17:00etan, Astigarragan.
2025eko urtarrilak 25 - Arrasaten.
Kontukantari bi, mendian ibiltari
2025eko urtarrilak 2 - 18:00etan, Getxon.
Kontukantari
2025eko abenduak 28 - 18:00etan, Atarrabian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!