Tenperatura-igoerearen mugea gainditu dala nabarmendu dau Elhuyarrek

Bizkaie! 2024-12-20 08:50   Kulturea

Aurtengo 10 albiste nabarmenen zerrendea egin dau.

2024a urte oparoa izan da zientzia-arloan. Albiste harrigarriak eta arduratzeko modukoak be tartekatu ditu. Elhuyarreko zientzia-hedabideek hamaika albiste zabaldu ditue urtean zehar, baina 10 albiste nabarmenen zerrendea egin dabe:

1. Tenperatura-igoerearen mugea gaindituta. Zientzialariek aurreikusi eben 1,5 gradu zentigradoko tenperatura gainditu ezkero, ondorio itzulezinak izango leukezala planeteak. Aurten gertatu da.

2. Hegazti-gripea, aurrera martxa bizian. Aurtengo agerraldi etenik bakoak eta gero, hegazti-gripea basabizitza bera arriskuan jarten egoala jakin da.

3. Ilargiaren alde ezkutua agirian. Txinaren misinoak ilargia sekretu barik ixten dago. Alde ezkutuko laginak ekarri ditu eta satelitearen atlas geologiko zehatza egin dau.

4. Mikroplastikoek 20 urte. Planetako txoko guztietan dagoz daborduko: janarietan, edarietan, garunean... Aurten, giza-kadenean eta barrabiletan topau ditue. “Oso larria”, adituen eretxiz.

5. Lur arraroen krisia. Ezinbestekoak ditugu transizino energetikoa egiteko, baina meatzaritzea oso kutsagarria da etanaila geopolitikoan oso gatazkatsua. Lur arraroak birzikletea da giltza.

6. Adimen artifizialaren barrikuntzak eta kutsadurea. AA sortzaileko sistemek barrikuntza etenik bakoak ekarri ditue euskerearentzat.

Mundu-mailan, barriz, AAk duen ingurumen-inpaktuak hotzikarea emoten dau: adimen artifizial sortzaileko sistemek 5 miloe tona zabor elektroniko sortuko ditue 2030erako.

7. Garuna bereizmen nanometrikoan. Aurtengo irudirik ederrenak eulien garunaren mapeak emon ditu. Giza-garunaren ikerketea be emonkorra izan da: milimetro kubiko baten 3D eredua sortu da, bereizmen nanometrikoan. Giza-garunean inoiz ikusi bako egiturak erakutsi ditu.

8. Andere, Euskal Herriko neandertal zaharrena? Bizkaiko El Polvorín leizean aurkikuntza txundigarria izan da. Jose Miguel Barandiaranen taldeak 1983an jasotako hazurrek arretea deituta, barriro be kobazuloan sartu eta orain 150.000 urte baino lehenagoko neandertal batenak dirala jakin dabe arkeologoek.

9. Obesidadea eta osasuna birdefiniduten. Igaz, urteko aurrerapen zientifiko nagusitzat jo zituen Sciencek obesidadearen kontrako botika barriak eta sekulako arrakastea izan dabe 2024an. Industria farmazeutikoaren pagotxa, baina argi-itzal asko dituenak. Obesidadea eta osasuna birdefiniduteko beharraagirian jarri dabe.

10. Grafenoz egindako lehen erdieroaile funtzionala. Urte asko zain egon dira ikerlariak, baina, azkenik, lortu da elektronikea egiteko modu barri bati ekitea. Konputazino kuantikoaren oinarria izango dala dinoe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu