BFAk eta Bilboko Udalak 2025eko La Vueltaren etapa bat hartuko dabe irailaren 3an

Bizkaie! 2024-12-20 08:07   Kirola

Bilbao-Bilbao etapea Bilbon hasi eta amaituko da.

La Vuelta 25 lasterketearen 21 etapetako bat hartuko baitabe, kirol ekitaldi garrantzitsuak hartzearen aldeko jarrereari jagokonez, erakunde bien arteko sintoniaren erakusle. Bilbao-Bilbao etapea hamaikagarrena izango da; Bizkaiko uriburuan hasi eta amaituko da 2025eko irailaren 3an eta 167 kilometroko ibilbidea izango dau. 2025eko Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra izango da, Italiako Piemonte eskualdean hasiko da eta edizibo berezia izango da, txirrindularitza-lasterketearen 90. urteurrena ospatuko baita.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, alkarregaz, erreferentziazko kirol-ekitaldi baten alde egin dabe barriro; kasu honetan, La Vuelta 25 dogu berbagai, izan be, itzuliaren hamaikagarren etapeak Bilbo eta Bizkaia zeharkatuko baititu 2025eko irailaren 3an. Holan baieztatu dau Unipublicek, Vuelta atontzen dauen enpreseak, Madrilgo IFEMA Udal Jauregian ibilbide ofizialaren 21 etapak aurkezteko egindako ekitaldian. Euskal erakunde bietakoko ordezkariak bertan izan dira.

Bilbao-Bilbao etapea Bilbon hasi eta amaituko da. Ibilbideak 167 kilometroko luzerea, 7 mendate eta 3.300 metroko desnibel metatua izango ditu eta Bizkaiko uriburuan hasi eta Bizkaiko lurraldeko hainbat leku zeharkatuko ditu: Mungia, Bakio, Bermeo, Gernika, Munitibar, Bizkaiko Balkoia, Muxika, Aretxabalgane, Larrabetzu, Galdakao eta Artxanda; ondoren, Bilbora bueltau eta Elorritxueta, Lezama, Sondika eta Pike Bidea igaro ostean, uribildurako bidea hartuko dau.

La Vuelta 25 abuztuaren 23tik irailaren 14ra lehiatuko da. Piemonten hasiko da, mendien magalean eta Alpeak atzean dituala; Italiako eskualde horrek hartuko ditu osorik hurrengo edizinoaren lehen hiru etapak. Txirrindularitza-lasterketa ospetsuaren edizino berezia izango da, datorren urtean 90. urteurrena ospatuko baitau.

Bilbok herritarren erantzun handiz hartu eban 2022ko abuztuan La Vueltako bosgarren etapearen amaierea eta seigarren etapearen urteerea San Mamesetik. Ez dagun ahaztu, 2023ko garagarrilaren 1ean Bilbon hasitako Frantziako Tourraren 110. edizinoaren itzalpean, Bilbok eta Bizkaiak sinergiak batu eta alkarregaz lan egin dabela, La Vuelta 25 ekimenaren hamaikagarren etapea hartzeko, kirol-ekitaldi handiak hartzeko estrategiaren arloan.

Ainara Basurko, Ekonomia Sustapeneko Diputadua, oso pozik agertu da La Vuelta barriro Bizkaiko Lurralde Historikora bueltau dalako: etapa honegaz, Bizkaiko Foru Aldundiak beste behin be maila goreneko kirol ekitaldien aldeko apustua erakutsi dau, besteak beste, Munduko Futbol Txapelketea, emakumezkoen Txapeldunen Ligea, errugbiko finalak edo orain pare bat urte Tourra. Ekitaldi horreek nazinoarteko posizionamendu garrantzitsua emoten deuskue eta gure lana berresten dabe, Bizkaia lurralde edegiagoa eta erakargarriagoa izan daiten hona etorten diran personentzat, lan egiten, ikasten, bisitan, beste barik. Zer esanik ez, pribilegioa da La Vueltaren 90. edizinoa gure lurraldetik igarotea.

Bestalde, Kontxi Claver Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotziaren ustez, Tourra Bilbotik urten eta gero, proba garrantzitsu hau barriro gurean izateak kirol-munduko jazoeren erdigunean jarten gaitu, batez be, gure lurraldean hain maitatua dan txirrindularitza-modalidade honetan. Ekitaldien antolaketan profesionalak izateaz gan, sekulako zaleak ditugu, dana emoten dabenak eta maitasuna erakusten dabenak. Txirrindulariek eurek be aintzat hartzen dabe eta mundu osoan zabaldutako irudien parte be bada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu