Ainhize Belar: 'eskaladatik bizi gura neuke'

Bizkaie! 2024-12-30 07:55   Barriketan

Bizkaitarra, Atxondokoa, 5 kilometroko luze-zabalean, Atxarte, Anboto eta Arrazola dituan 18 urteko gaztea, eskaladearen munduan, upealako markak ezarri dituana eta ez dauka geldi egoteko amesik. Orain 22 urte Josune Bereziarturen markea ezerezean itxi dau oraintsu Balzolan 9a+ zailtasuneko bidea eginez.

Lehenengo emakumea da Iker Pouren 9a zailtasuneko bidea egin dauena Ilarduian eta igaz Etxaurin Begi Puntuan 9a egin eban.

Valdegobian, Gezurren erresuma bidea eginda dauka eta beste asko aitatu geinkez baina orrialde asko beharko geunkez Atxondoko eskalatzailearen egitadak zerrendatzeko. 

Aita eskalatzailearen bideari jarraituz, zortzi urtegaz hasi zan eskaletan eta, beraz, hamar bat urteko ibilbidea egin dau eskaladearen munduan. Gaur egun Kataluinian, Magalef inguruan dabil.   

1.- Zer sentidu zenduan Iñi Ameriketan 9a+ zailtasuneko bidea amaitu zenduanean?

Poza. Ibilia nintzan bide horretan eta aparteko sensazinorik ez neban igarri. Pasautako tensinoak eta ahaztu eta egun batzuk aurrerago hasi nintzan asimiletan edo entendiduten egindakoa. Kriston motibazinoa da, aurrera egiteko ezinbestekoa. Aitak egin eustazan aseguretako lanak eta berak sentidu eban nik baino gehiago, sufridu egin eban bidearen amaierea hur ikusten ebalako.  

2.- Dani Castilloren Noie Ainhize Belar -Iñi Ameriketan- Spoken Words film laburraren nazinoarteko estreinaldia Bilbon izan da oraintsu. Jenteak sekulako gogoa eban Noie ikusteko. Zure jarrerea, gorputzaldia zelakoa izan zan jentetza hori guztia ikusita?

Bidea egiten izan ez nituan nerbioak biztu jatazan, ezustean hartu neban jentearen erantzuna, jakin banekian arren, sekulako egitadea zala. Urduri baina gogotsu be joan nintzan jenteak zelan hartuko eban filma jakin guran. Jentearen artean, lagunak, ezagunak eta mendizale eta eskalatzaileak ikusi nituan eta orduantxe sentidu neban jentearen maitasuna. 

3.- Noie (bagoaz mendebaldeko euskalkian) aitari esan zeuntsan azken berbea da Iñi Ameriketan, 9a+. bideari ekin aurretik. Bidea egiteko kapaz izango zinala bazenkian ala ezustekoa izan da zuretzako be?

Bidea ezaguna da niretzako, ez da izan lehenengo aldia eta gitxi-asko punturik gogorrenak eta buruan nituan baina ez neban espero bidea amaitzea. Ezustean hartu neban baina pozik nago.

4.- Zazpi minutuko film laburra da Noie. Zelakoa da, zeintzuk dira berezitasunak?

Eskaladan ohikoak diran pelikulak danok ezagutzen doguz baina Noie berezitsuagoa da, ez dauka irudirik, eskaletan noala sentiduten dodana agiri da soinu bidez, izan be, entzuleak be parte izatea gura izan dogu, nire esfortzua sentidutea. 

5.- Orain 22 urte Josune Bereziartuk ezarritakoaren ondoren azaldu zara zu eta Balzola kobazuloko 9a+ zailtasuneko bidea osotu dozu. Orain zer?

Joune Bereziartu eredu da niretzako, upealako eskalatzailea da, munduko lehenengoa izan zan 8c (Honky Tonky) zailtasunetik 9a/+ ra (Bimbaluna) egin ebana eta ez neban pentsauko orain 22 urte ezarritako marka hori lortzeko kapaz izango nintzanik. 

Ganerakoan, eskaletan jarraitzea da nire asmoa, hemen, Oñatin, Balzolan zein Valdegobian eta Magalefen. 

6. Iñi Ameriketan, 35 metroko bidea da, kobazuloaren sabaitik doana. Ikaratu egin ginan, deskantsetako buruz behera jarri zinanean besoak, eskuak eta gorputz osoa lasaitzeko. Holako gauzak pentsau barik egiten dozuz ala beharrizana daukazunean?

[Barreka] Eskaladatik kanpoko jentearentzat irudi eta egoera bildurgarriak izaten dira baina askotan ez dago beste modurik deskantsetako eta makinatxu bat saio egin eta sustotxuren bat izan ostean, ohitu egiten zara eta guretzako mobimentu eta jarrera normalak izaten dira. 

7.- @sputnikclimbing @tenayaclimbing @trangoworldofficial @mushroompads @singingrock_official etxeen babesa dozu. Katalunian be bazabiz Sputnik rokodromoan baina azaldu eiguzu zein dan zure zeregina han... Bizkaian be, Berangon badago rokodromo bat, han ibili izan zara?

Aurten hartu dot erabagia eskalatzaile moduan beste pausu bat emoteko eta, jakina, aitatu dozuzan babesle horreek aparteko indarra eta motibazinoa eskaintzen deutsue; orain Magalefen nago, leku ederra da eskaletako baina entrenamentuetarako eta rokodromoak leku egokiak dira. Horrezaz gan, Madrilen be egiten doguz konzentrazinoak, hara eta hona gabiz eta gustora.  

8.- Hamazortzi urte daukazuz baina 8 urtegaz hasi zinan eskaletan eta, oso oker ez bagagoz, 14 urtegaz 8c zailtasuneko kide bat eskalau zenduan. Lagunek zer esaten deutsue? 

[Barreka] Bai, ez da erraza buztarketea. Mundu honetan, konpromisoa nahitaezkoa da eta horri eutsi behar deutsaz. Hamar urte edo daroadaz eskaletan. Zortzi urtegaz lagunakaz eta eskolaz kanpoko orduetan hasi nintzan eskaletan baina erabagiorra izan da aita eskalatzailea izatea. Astegoienetan biok ibilten ginan eta txapelketetan parte hartzen be hortxe bueltan hasi nintzan.  

Ganerakoan, Valdegobia leku berezia da niretzako, eskaladan hor hasi nintzalako nabarmentzen.

9.- Bilbao Bizkaia Mendi Film Jaialdian, Zabalandi Sailean izan da lehian Dani Castilloren Noie, Erro, Glaziarrak agurtzen: Aneto-Airea, Moving Himalayas eta Peligro. No asomarse filmakaz batera. Lehiakorra zara ala holakorik ez jatzu interesetan?

Proiektu polita zan gurea eta horregaitik joan ginan. Zabalkunderako eta burua erakusteko hitzordu garrantzitsua da. 

10.- Bost urte barru non ikusten dozu zeure burua?

Eskaletan jarraitzea da nire asmoa eta futbolean mobiduten dan dirurik ez dagoan arren, eskaladatik bizi gura neuke, munduan erreferente diran bideak probetan eta. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu