Jose Zugasti (1952-2024) eskultore eibartarra hil da

Bizkaie! 2024-12-18 12:58   Kulturea

Uri eta museo askotan dagoz artistearen lanak.

Jose Zugasti (1952-2024). | Ikusi handiago | Argazki originala

Jose Zugasti Arizmendiarrieta 1952. urtean jaio zan, Eibarren. Madrileko Arte Ederretako San Fernando Goi-Eskolan ikasi ondoren, 1980an bueltau zan Euskal Herrira eta Donostia hartu eban bizileku.

Asko dira Zugastik irabazitako sariak: Gasteizko V. Bienal Plastikoaren I. saria (1980); Gipuzkoako Artista Barrien XXIII. Lehiaketa (1982); Valentziako Bancaixa saria (1993); edota Bilboko Udalaren Bilbao Ría 2000 saria. 2002an Caja Vitalen Eskultura Publikoko II. Lehiaketea irabazi eban eta 2005ean, Euskal Herriko Bide, Ubide eta Portu Injineruen Alkargoaren 125. urteurreneko Lehen Saria eskulturan.

Euskal museo gehienek dabe Zugastiren obraren bat, baita hainbat udalek (Bilbo, Donostia, Lemoa, Eibar...) eta banku-erakundek be. Nicaraguako Museo Nazionalean be bere lan bat dago.

Eibarren, lehenengo aldiz, 1993. urtean erakutsi zituan lanak. Handik hiru urtera, 1996an, Portalea kultura-etxearen inaugurazinorako atondutako Eibartikan erakusketa kolektiboan hartu eban parte eta, 2010ean, Alfa Arteko lokaletan artistearen Formen Dantza deituriko erakusketea egon zan.

Jose Zugasti bere tailerrean (1988). Juantxo Egañaren argazkia.

2023ko urriaren 20tik 2024ko zezeilaren 18ra arte Zugastiren Txirrindularia obrearen inguruko erakusketea atondu eban Eibarko Armagintzearen Museoak, artea, txirrindularitzea eta Eibarko industria batzen dituan obrea, hain zuzen be.

Eskulturea Gipuzkoako Foru Aldundiarena da eta 10 urtez museoan erakusteko itxi da. Lana giza-sakrifizioaren metaforea da; Peio Ruiz Cabestany txirrindulariak Tourmalet gailurrean egindako esfortzu eta talde-lanaren sakrifizioaren ondoren, bizikletatik lehertuta bajau zaneko momentua erakusten dau; ezegonkortasun eta hauskortasun-sensazinoa adierazo nahi dau.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu