Emakumeen diskriminazino mueta guztiak agirian jarten dituen alkarte biren lana autortu dabe
2024-12-18 07:59 KultureaAMUGE eta IMME alkarteek saria konpartidu dabe.
2024ko Bardintasunerako Emakunde Saria hautagai bik jaso dabe: AMUGE, Euskadiko Emakume Ijitoak Sustatzeko eta Ahalduntzeko Kulturarteko Alkarteak; eta IMME, Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integretako Alkarteak. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak iragarri dau hautaketea, kolektibo bietako ordezkariak bertan zirala: Tamara Clavería, AMUGEko kidea eta Djamila Zereiby, IMMEkoa.
Epaimahaiak hautagaitza bien izakera kolektiboa eta emakume ijitoek eta emakume musulmanek bizi dituen diskriminazino mota guztiak ikusarazo eta horreek artatzeko egindako lana balorau ditu. Miren Elgarrestak autortu dauenez, alkarte biek erakunde publikoek izan behar daben ikuspegi intersekzionalari erantzuten deutse. Epaimahaiak balioetsi dau proposamen biak ondo lerrokatzen dirala bai Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako Legeagaz, bai EAEko Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako 2030 Estrategiagaz be. Ikuspegi intersekzionala jasoten baitabe biek euren printzipioetan.
Sari honegaz ikuspegi intersekzionalaren garrantzia nabarmentzen da, beharrezkoa baita emakumeek bizi dituen diskriminazinoak ikusarazoteko: AMUGEk eta IMMEk argi erakusten deuskue emakumeak ez garela sartzen kategoria homogeneo batean. Eta bere lanagaz emakume ijito eta musulmanek sufriduten dituen diskriminazino mota guztiak agirian jarten laguntzen dabe, nabarmendu dau Emakundeko zuzendariak. Miren Elgarrestak gogorarazo dauenez, autorpen honegaz bardintasun-politika publikoen erdigunean jarten dira askotan bazterretan egon diran emakumeen kolektiboak eta holako alkarteei esker, arlo publikoan pixkanaka presentzia gehiago dabe.
AMUGE
Euskadiko Emakume Ijitoak Sustatzeko eta Ahalduntzeko Kulturarteko Alkartea kolektibo aitzindaria da ikuspegi feminista eta independente bateranzko aldaketa eta bilakaera-prozesu bat gauzatzen, gizonen tutoretzatik aldenduz. Esangura horretan, hautagaitzeak berak azpimarratzen dau Euskadin emakume ijitoen eskubideak defendiduteko eta sustatzeko lana, ijitoen feminismo dialogikoaren ikuspegitik, hor bat egiten daben antigitanismoaren eta indarkeria matxistearen kontrako burrukeak.
Epaimahaiak ahalduntzeko, osasunerako eta generoari buruzko prestakuntzarako programen bidez eta diskriminazinoaren eta indarkeria matxistearen kontrako burrukan izandako eragin esanguratsua azpimarratu dau: Tu voz cuenta ahalduntze-eskolak, gizon ijitoentzako maskulinidade barrien proiektua, emakume ijitoen historiari buruzko ikerketak edo Nos persiguen lako argitalpenen bidez espazio publikoetan sufriduten daben kriminalizazinoa ikusarazotea dira euren ekimenetako batzuk.
IMME
Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integretako Alkartearen lanka emakumeen ahalduntze ekonomikoan dau eragina, lan-trebetasunetan prestetan baititu. Hezkuntza-programek hareen prestakuntzarako eta alfabetetako aukerea indartu dabe eta emakume askoren eta euren familien etorkizunerako aukerak hobetu ditue.
Alkarteak emakume musulmanei ahotsa emoteko lan egin dau, hareen eskubideak defendidu eta beren komunidadeetan erabagiak hartzeko garaian euren parte-hartzea sustatuz. Genero-indarkeriari buruzko sensibilizazinoan oinarritutako proiektuak nabarmentzen dira, emakumeei baliabideak eta laguntzea emonez eta erabagiak hartzeko prozesuetan emakume musulmanen ahotsak aintzat hartuko dituen politiken formulazinoan eraginez.
Azkenik, epaimahaiak balioa emon deutse gainerako hautagaitzei, beren aniztasunetik abiatuta, ekintza, lan edo proiektuen bidez emakumeen eta gizonen arteko bardintasunaren alde egiten baitabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!