‘Songs of Earth’ filmak irabazi dau Mendi Filmeko Sari Nagusia

Bizkaie! 2024-12-16 07:52   Zinemea

Argazkilaritza bikaina, kontaketa poetikoa eta soinu banda sublimea dauen pelikula norvegiarra.



Palmaresa



BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko Epaimahaia eta ikusleak txundituta itxi dituan Songs of Earth film norvegiarrak irabazi dau 17. edizinoko Sari Nagusia. Margreth Olin zuzendariaren lana da, haren gurasoakan eta hareekandik jasotako Natureagazko maitasunean oinarritzen dan filma: argazkilaritza bikaina, kontaketa poetikoa eta soinu banda sublimea dituala nabarmendu dau epaimahaiak aho batez, Erritmoa pausatu eta entzuteko prest jarten garenean, jaubetzen gara emon jakun horretaz: Naturea deika daukagu, azpimarratu dabe epaian.

Balio sozialetan oinarritutako dokumentalgintzan ibilbide oparoa dauen zuzendaria Margreth Olin lehenengoz aurkeztu da Mendi Filmen. 2023an estreinautako film honetan haren gurasoak bihurtu ditu protagonista, sorterri izan dauen Norvegiako Vestlandeko Oldedaleneko paisje liluragarrietan kokatuz.

Oscar sarietarako Nazinoarteko Film Onenaren Norvegiako hautagai izan da Songs of Earth, hainbat mendi eta gai sozialetako zinemalditan parte hartu dau eta Filmin plataforman ikusgai dago -Mendi Filmeko aurreko edizinoetako hainbat film bezela-.

Epaimahaiko kideak ondokoak izan dira: Michael Dillon zinegilea (Australia), Joni Cooper Californiako DocLands jaialdiko sortzailea (Kanada), Tom Hezemans Dutch Mountain Film Festivaleko zuzendaria (Herbehereak), Oscar Gogorza kazetari eta mendi gidaria (Euskadi) eta Haizea Huegun musika konposatzailea (Euskadi).

Zuzendaritza onenaren saria, barriz, Flying Hands filmako tandemak jaso dau: Marta Gómez eta Paula Iglesiasek. Al Borde Films eta Labografias Bilboko etxeen lana da eta Baltistan Fundazinoak babestutako proiektu bat dau oinarri: Baltistango gorren komunidadea, batez be umeak eta gazteak, gizarteratzen lagundu dauen Aniqa Bano protagonista eta haren lana. Bilbon izan da Aniqa Bano filma aurkezten lan talde osoagaz batera eta sari hau aupada handia da eurentzat eta filmak Goya sarietarako eskuratu nahi dauen hautagaitzan.

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko Sail Ofizialean 40 pelikula aurkeztu dira eta joan diraneko 10 egunotan Euskalduna Bilbaon eta BBK Aretoan ikusi ahal izan dira.

Azken eguna, hilak 15 domekea, Non Stop saioakaz gozetako eguna izan da, Euskalduna Bilbaon. Pelikula sarituakaz hiru saio programau dira (12:00etan, 17:00etan eta 19:30ean) eta Sari Banaketa ekitaldia 17:00etan egin da. Giro bikaina izan da 17. edizio honetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu