Bilboko Koral Alkarteak Jesús Guridiren 'Mirentxu' operearen grabazinoa aurkeztu dau
2024-12-13 12:54 MusikeaEuskal opera-ondarearen berreskurapenaren mugarria.
Jesús Guridiren lanik enblematikoenetakoa da. Diskoaren argitalpena Euskal Opera proiektuaren barruan dago, Koral Alkarteak euskal ondare lirikoa berreskuratu, grabau eta zabaltzeko sustatzen dauen, Petronor, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Inaem erakundeen babesari esker.
Mirentxu, 1910ean sortua eta 1947an barrikusia, ekitaldi biko pastoral lirikoa da, Guridik euskal kulturearen edertasuna landa-eremuko giro idealizatuaren eta musika-hizkuntza sakon eta hunkigarriaren bidez islatzeko eban maisutasuna erakusten dauena. Grabazinoak, IBS Classical zigiluak egina, 1947ko bersino barrikusia dakar, Jesús María de Arozamenak egokitutako gaztelaniazko libretoagaz eta Ramón Lazkano konpositoreak ICCMUrekin (Musika Zientzien Institutu Knplutensea) alkarlanean egindako barrikuspen kritikoagaz.
Musika-interpretazinoaz Unai Urrecho arduratu da, BOS - Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Alkarteko koru mistoa eta umeen korua zuzenduz, baita lehen mailako abeslari-taldea be: Vanessa Goikoetxea sopranoa (Mirentxu), Carmen Artaza mezzosopranoa (Presen), Gillen Munguía tenorra (Raimundo), Damián del Castillo baritonoa (Txanton) eta Julen García baritonoa (Manu). Horreez gan, hainbat koralistak parte hartu dabe, besteak beste, Adriana Fernández (Bixente) eta Maren Sastre (Teodoro) tipleek eta Urko Sangroniz (Artzaina) baritonoak.
Euskal Opera proiektuak, orain arte Maitena eta Lide ta Ixidor obrak berreskuratu dituanak, Bilboko Koral Alkarteak euskal opera-ondarea berreskuratzeko konpromisoa berresten dau. Mirentxu beste urrats bat da musika-eszena garaikidean leku nabarmena izatea merezidu dauen errepertorio ahaztuaren balioa nabarmentzeko. Konpositorearen alaba Julia Guridiren jarraipena eta laguntzea euki izana oso garrantzitsua izan da, aitaren ondareagazko dauen konpromisoa oinarrizkoa izan baita grabazinoan.
Kontuak kontu, lana dagoeneko eskuragarri dago plataforma digital nagusietan streaming bidez erreproduziduteko eta CDa IBS Classical diskoetxearen webgunean salgai, zorroztasun tekniko eta artistiko handiagaz egin zan eta ondoriozko sonoridade ezin hobeak bizia emoten deutso balio historiko eta emozional handiko obreari. Esangura horretan, grabazinoaren argitalpena beste mugarri bat da euskal musika-ondarea berreskuratzeko bidean eta Euskadiko kultur erreferente lez Euskal Opera proiektuaren balioa indartzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!