Alehop programea eta Aitor Arri Axpe, Boluntariotza Sariko irabazleak
2024-12-12 08:35 KultureaXXXI. edizinoa, Romo Kultur Etxean izan da.
Argia Fundazinoaren Alehop osasun mentalari buruzko sensibilizazino programeak 2024ko Boluntariotzaren saria jaso dau modalidade kolektiboan. Banakako modalidadean, barriz, Aitor Arri Axpe Errugbi Inklusiboa proiektuaren sortzaile eta arduradunak eskuratu dau saria. Sarekide Getxoko erakunde boluntarioen alkarteak, Getxoko Udalagaz lankidetzean, emoten ditue sariak.
Horrezaz gan, Sarekidek eta Udalak Juan Jose Quiñones Rodriguezen lanaren autortzea egin dabe, 13 urteren ondoren presidentzia itxi eta Idoia Loroño Goienetxe, Ahida Alkarteko kidearen eskutara pasa dalako aurton.
Topaketean, Keltse Eiguren lehen alkate ordea eta Carmen Díaz, Gizarte Kohesinoko zinegotzia izan dira, beste erakunde batzuetako ordezkarien artean. Diazek boluntarioen lana goraipatu dau: euren denporea beste batzuei eskaintzen deutsen boluntarioak edukitzea opari eta pribilegio bat da, halanda ze, mundu humanistagoa edegiteko bide bakarra.
Alehop programea
Alehop programeak buruko gaixotasuna daben personei lotutako estigmen kontra burrukatzen dau, ikastetxeetan, alkarteetan, komunikabideetan edo eragile sozial eta politikoei eskainitako hitzaldien eta elkarrizketen bidez. Programea 2014an jaio zan eta hiru emakume eta hiru gizon boluntariok parte hartzen dabe. Euren esperientzia personaletik, urtean 30 hitzaldi eskaini ditue.
Alehop programea Argia Fundazinoa Erlijioso Trinitarioen lanaren barruan dago, gaixotasun mental larria daben personei bizi-kalidadea eta irudi publikoa hobetzen laguntzen deutsena. 160 persona artatzen ditu (horreetatik 50 Getxokoak) eta Eguneko Ospitalea, Klub Soziala eta etxebizitzak ditu Areetan.
Aitor Arri Axpe
Bestalde, Aitor Arri Axpe Getxo Errugbia Klubeko Errugbi Inklusiboa proiektuaren sortzaile eta arduraduna da. Proiektua 2016an sortu zan, errugbiaren bidez adimen-urritasuna daben personen inklusinoari ate bat edegiteko, 1990ean Galesen martxan jarritako esperientzia ezagutu ondoren. Belaunaldien arteko eta kulturen arteko proiektu horrek aniztasunaren aldeko apustua egiten dau balio bezela eta desgaitasun funzinonala daben eta ez daben kirolariei edegita dago.
Ganera, antzeko proiektuak martxan jarteko erreferentzia izan da estaduan. Arrik, beste euskal talde batzuekaz sarean Bultza Liga atontzeaz gan, beste jarduera batzuk be sustatu ditu bazterketa-egoeran dagozen beste kolektibo batzuekaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!