Chiu Kueiren bakarkako lehenengo erakusketea Europan hartuko dau Bilboko Bizkaia Aretoak
2024-12-10 08:31 KultureaBBK Fundazinoaren babesari esker eta Sakura Fundazioak sustatuta.
Egunotan hainbat ekitaldi egiten dabiz Euskadi, Japonia eta Taiwanen arteko hartu-emonak estutzeko, besteak beste, oleo-erakusketea nabarmentzen da, abenduaren 15era arte bisitau ahal izango dana. Datorren eguenean, hilaren 12an, Gernikako Europa Parkean, hiru lurraldeetako ordezkaritzek Japoniatik ekarritako gereziondo japoniarraren kimuak (sakura) landatuko ditue adiskidetasunaren erakusgarri
Chiu Kuei (Kyu-Ki izenez be ezaguna - izenaren ahoskera japoniarra) Taipein (Taiwan) jaiotako artistea da. Haren benetako ogibidea, musikea da, ikasketak 6 urtegaz hasi zitualarik. Graduau ondoren, konposizinoan eta kontzertuetan ibili zan baina orain hamarkada bat pintau gura izan eban eta arte horren aurretiko nozinorik izan barik hasi zan pintetan. Haren herrialdeko kulturearen eta tokiko tradizinoen aurrean eban interes sakonak, lanak alderdi horreetan oinarritzea ekarri eban. Taiwango antxinako eraikuntzak edo mitologia, herri ohiturak eta landa paisajeak zein jai tradizionalak: adierazpen horreek guztiek taiwandarren pentsamenduak eta gustuak islatzen ditue. Eta horreek mihisean islatzean, Taiwango gizarteari be asmo bera agertzen jako, zehaztu dau.
Artistearen Let 's Discover The Most Beautiful Country: Taiwan erakusketea bart inaugurau dabe Bilboko Bizkaia Aretoan; 25 koadro batzen ditu; guztiak oleoz eta kolore oso bizi eta konplejuetan egindako pintura errealistak. Joan dan urtean Tokion erakutsitako lan moltso bera da, eta orain pieza barri batzuk gehitu jakoz, besteak beste, Dragoi zuria eta Dragoi urdina herrialde bien arteko senidetzea baita Kueiren obsesino handienetako bat.
Horregaitik, erakusketa honegaz Chiu Kueik zehaztu dauenez, euskal herritarrek Taiwango gizartea ezagutzea eta ulertzea ez eze, herri bi horreen eta Japoniaren arteko hartu-emonak eregi gura ditut, izan be, Taiwanen historia, mende erdiz Japoniaren menpean egon ondoren, herrialde horregaz adiskidetasun zintzoa dogu, nire pinturearen arrazoietako bat Hatta Yoichi be bada, 1940ko hamarkadako injineru japoniarra, Taiwango hegoaldean sasoi haretan Asiako urtegirik handiena eregi ebana eta horrek Taiwango nekazaritza-eremuen ureztatze-arazoak konpondu zituana, Taiwango nekazaritza-ekonomia modernoaren oinarriak ezarri zituan, Chiu Kuei goraipatuz, Taiwango Hatta Yoichi Kultur Fundazinoko zuzendarietako bat be badana.
Erakusketa honek BBK Fundazinoaren babesa dau, eta Sakura Fundazioak sustatutako hiru herrien (japoniarra, taiwandarra eta euskalduna) arteko lankidetza programearen barruan kokatzen da. Fundazino horren sortzailea Shinzo Abe izan zan, Japoniako lehen ministroa 2012tik 2020ra. Egun honeetako ekitaldi eta topaketen artean, abenduaren 12an, Japoniatik ekarritako gereziondo japoniarraren kimuak landatuko dira Gernikako Europa Parkean. Hiru herrien arteko anaitasun erakustaldia izango da, eta Abe jaunaren alargun Akie Abe izango da bertan. Asmoa da Taiwanen eta Japoniaren arteko adiskidetasuna sinbolizetan daben gereziondo-lore japoniarrak orain ere Euskal Herrian sortu ahal izatea, hiru lurraldeak lotuz. Gernikak, 2020an eta bakearen sinbolo legez, bonbardeautako arbolen ondorengo kimuak jaso zituan (suntsitutako lurretik berde jalgi ziran platanoak, 1945ean bonba atomikoak Hiroshiman jo ondoren).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!