Egun on Durangotik, etorri bildur barik Landakora
2024-12-08 09:42 KultureaAzken eguna, laugarrena gaur, hilak 8, eta azken ordukoak ez badozuez egin, hemen dozue aukerea arratsaldeko 18:00ak arte.
Atzera eginez, Néstor Basterretxearen sorkuntzea eta ekarpena eskertu ditu Gerediaga Alkarteak. Artisteren jaiotzearen mendeurrena bete danean.
59. Durangoko Azokearen barruan, Néstor Basterretxeari esker ona agertzeko ekitaldia egin dabe bart. Bertan izan dira artistearen familiako kideak be eta oroigarria jaso dabe Nerea Mujika Gerediagako presidentearen eskutik. Gainera, instituzinoetako hainbat ordezkari be etorri dira. Asmoa izan da Basterretxearen sorkuntzeaeta ekarpena autortzea, artistearen jaiotzearen mendeurrena bete danean. “Néstor Basterretxea artista handia eskertzeko batu gara, eta bere etxekoak be eskertu behar ditut, izan be, aitaren sormen lanak itxi deskuez”, azaldu dau Mujikak ekitaldian. Hain zuzen, Bermeoko sortzaileak diseinu eta ilustrazino arloan eginiko obrearen lagin bat Durangoko Museoan dago ikusgai, Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak tondutako erakusketan. Lanetako asko sekula ikusi bakoak dira.
XX. mendeko euskal kulturako erreferente nagusietako bat izan zan Basterretxea eta Durangoko Azokeagaz hartu-emonak izan zituan. Adibidez, 2012an, berak sortu eban 47. edizinorako irudia. Gerediagak orduko haretan eskaria egin eutsonean, ikuspuntu sortzaile eta kritikoa ardatz hartuta diseinau eta prozesu hori azaltzeko Basterretxearen beraren vídeo bat proiektau dabe ekitaldian.
Horrezaz gan, Basterretxeak Durangaldeagaz izan eban loturea be gogoratu dau Gerediagak eta lotura horren inguruko informazino sakonagoagaz, erreportaje zabala eskaini deutse aurtengo Astola urtekarian.
Bisitariei eskerrak
Azokara batutako jentetzea be nabarmendu dabe atontzaileek, bai Landakora bai herriko beste hainbat gunetara be. Segurtasuna jagoteko helburuz Landakon aforoa kontroleten da eta herritarrek ilarea egin behar izan eben eguneko momentu askotan. Bisitariek erakutsitako pazientzia eskertu nahi izan dau Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga elkarteko kudeatzaileak: bihotz-bihotzez eskertuta gagoz Durangora etorri zarielako. Deia egin genduan eta asko etorri zininien. Jakin badakigu askorentzat bisitea ez dala erosoa izan: autobusean gerturatzeko atzerapenak izan ziran, Landakora sartzeko ilarea egin behar izan zenduen... Badakigu datozen urteetarako zer eta non daukagun hobetua, azaldu dauGaztelurrutiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!