Bilbao Formatek bertoko sortzaileen lanak erakutsiko ditu

Bizkaie! 2024-12-05 13:46   Kulturea

Erakusketea urtarrilaren 3ra arte egongo da ikusgai, Bizkaiko Batzar Nagusietan.

Bilbao FormArtek, aniztasun funzinonal psikikoa edo intelektuala daben personentzako sorkuntza artistikorako guneak, azken hileotan ikasleek egindako lana jasoten dauen erakusketea aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan. Fantartistak erakusketeak Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren ikuspegi propioa landu daben 22 artistaren sorkuntza-lana batzen dau. Artistek euren modura interpretau ditue Bilboko Udalak atontzen dauen bildurrezko zinema jaialdiaren hiru hamarkadetako 30 kartelak. Erakusketea urtarrilaren 3ra arte egongo da edegita, goizeko 08:00etatik 20:00ak arte, astelehenetik barikura.

Batzar Nagusietako erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo) Adrian Alexandrov, Agatha Domenech, Claudia Aguinaga, Daniel Esteves, Eider Martín, Gorka Pérez, Igor Plaza, Imanol Yébenes, Inés Subijana, Irene Santos, Irune Arezes, Irune Yarritu, Jonathan Castro, Leire Zelaia, Maddi Torregrosa, Maika Manjón, Maite Cumia, Marisa González, Mercedes Ruiz, Miguel Cordero, Miren Santiago eta Sonia Fernández artisten lanak ikusi ahal izango dira.

Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzean egin dan azken erakusketa horren aurkezpenean Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Begoña Gil, Idoia Buruaga, Jane Eyre Urkieta eta Richar Vaquero Foru parlamentuko mahaiko kideak egon dira Bilbao FormArteko artista talde horri babesa emoten. Foru ordezkaritzeari Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia be batu jako.

Otaduik zorionak emon deutsez FormArteko artistei: desgaitasunari lotutako oztopoak eta estereotipoak apurtzeagaitik. Erakusketearen bidez, benetako sortzaile horreei gizarteratzean gehiago aurrera egiteko aukerea eskaintzen jake. Gaurtik aurrera, Bizkaiko ikusleek, karteldegi bildurgarria beste modu batean interpretetearen inguruko sormenaz eta begiraden aniztasunaz disfrutau ahal izango dabe, sentimendu eta gogo handiz betetako begiradeagaz.

Bilbao FormArte eskolea dimensino anitzeko proiektua da, bertan hezkuntzeagaz eta enpleoagaz erlazionautako alderdiak arteakaz eta kultureagaz erlazionautako alderdiakaz konbinetan dira, garapen personalerako eta parte-hartze eta interakzino sozialerako bitarteko lez. Horregaitik, aspaldidanik, Bilbao FormArtek oztoporik bako sorkuntza artistikorako gunea sortzeko idea garatzen dau, kolektibo horretako personei gizarteratzeko beste aukera bat emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu