50 urte odola emoten Gernikaldean

Bizkaie! 2024-12-05 08:11   Kulturea

2024ko abenduaren 9an, Odolkideak alkarteak ekitaldia atondu dau 50. urteurrena ospatzeko.

Egun hori odola emoteko eguna da Gernikan halandaze ez dago leku hobarik ospakizunen lehen agerraldi hau egiteko autobusaren alboan baino; hitzordua 12:00etan izango da, Artekalea-Foru plazan. Bertoko bizilagun batzuen ekimenez eta egindako gestinoen ondorioz martxan hasi zan odol emotea Gernikan. Orduko Hermandad de Donantes de Sangre de la Seguridad Social de Bizkaia erakundea zan odola batzeko eta kudeatzeko arduraduna Bizkaian eta euren eskutik atondu zan lehe odol emotea Gernikan 1974ko abenduaren 7an: kartelen bidez eta prentsan zabaldu zan deia (Gaceta del Norte 6-12-1974). Egun hareetako prensearen eretxiz, Un gran éxito: la donación de sangre en Guernica (Gaceta del N. 14-12-1974) erantzun bikaina izan eban herritarren artean, izan be, egun horretan 74 emote batu zituen eta beste data bat agindu zan urtarrilerako. Orduan odola emoteko lekua Estazinoko plazan (gaur Agirre Lehendakaria p.) kokatutako autobusean egoan, beti Mutua de Vizcaya erakundeko konsultategi medikoaren lokalaren laguntzaz, eta gero be urte askotan izan da Mutua odol emotearen laguntzailea. 1981ean hasi ziran odola emoten Gernikaldeko fabriketan: Dalia, Malta Idurgo, Inama, Astilleros de Murueta, Maier, N. Ormaetxea-Losal, ASSA, Andia... Eta horreetatik gaur-gaurkoz Maier eta Losalen baino ez da egiten.

Urte luzeotan aurrerapen mediko eta teknologikoak egin badira be, ezin dogu odola egin eta personen donazino altruistei esker baino ezin da lortu. Altruismoa edo eskuzabaltasuna odola emotearen zutabe sendoa da eta borondatezko persona askorentzat odola emoteko eragilea da.

Odolkideak - Gernika-Lumoko Odolemoileen alkarteak eskerrak emon gura deutsee lehenengo 50 urteotan zehar emoileak eta laguntzaileak izan diran guztiei, izan be, euren jarduerearen bidez EAEko gaixo askoren osasuna jagoteko eta hobetzeko baliabide bihurtu dalako euren odola. 1974 eta 2000 bitartean, 12.055 emote egin ziran autobubusean, eta horrek esan gura dau jente asko hurreratu eta odola emon ebala Gernikaldean. 2001 eta 2023 bitartean beste 27.575 emote izan ziran. (2024ko daturik oraingoz ez dago). Eta hori fabriketan eta plasmaferesiaren bidez egindakoak kontau barik. Mila-mila esker datu horreen atzean dagozan emoile altruista eta solidario guzti-guztiei.

Gernikan odola emoteko horrenbeste urte pasau ostean, orain urte osoan ospatu egin behar dogu. Eta 2024ko abenduan hasita, urtean zeharreko odola emoteko deialdi karteletan 50 urteak gogoratzeko logoa jarriko da kolore ikusgarriakaz, 50 Años/ Urte odola emoten Gernikaldean testua dakarrena. Logo bera erabili da urtean zehar bananduko diran eskuko eta mahaiganeko egutegiak, orri markatzaileak eta beste ekimenetan.

Odolkideak alkartea urte berezi honen hasierak beste batzuk 1974an hasitako beharrari pozik eusten deutso aurrera egiteko. Herri mailan odol donazinoaren alde egiten dogu. Horixe da gure ekarpena boluntario moduan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu