'36ko Gerraren irudikapenak euskal elebarrigintzean' buruzko liburua kaleratu dabe

Bizkaie! 2024-12-02 13:12   Kulturea

UPV/EHUko irakasle eta ikerlari Amaia Serrano Mariezkurrenak idatzi dau.

UPV/EHUko irakasle eta ikerlari Amaia Serrano Mariezkurrenak Begirada literarioak iraganari. 36ko Gerraren irudikapenak euskal eleberrigintzan liburua argitaratu dau. Serranoren esanetan euskal elebarrigintzearen historian gai kanonikoa izan da 1936ko Gerra, batez be, 90eko hamarkadatik gaur eguneraino; hori bai, hari buruzko diskurso literarioak aldatzen joan dira urteetan zehar.

Imajinario kolektiboaren eta memoria-politiken eraginak antzemoten dira eta euskal literatur sistemearen jokerek be ekarri ditue aldaketak jazoerok irudikatzeko moduetan. Liburu horrek gerreari buruzko narrazinoetako erdiguneko eta ertzetako ikuspegiak adierazotea dau helburu, aitatu dau UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia Eta Antropologia Fakultadeko irakasle eta ikerlariak.

Horretarako, hainbat alderditatik begiratu deutse eleberriei. Lehenik, obra bakotxean gailendutako posizino ideologikoak identifikau dira, gerrearen irudikapenak zelako garapena izan dauen erakusteko. Gatazka hori zer genero-begiradatatik eregi dan be ikertu da, zeinek, zer eta zelan kontetan dauen ikusi eta ahots horreek zer imajinario elikatzen daben jakiteko. Horrezaz gan, azpigenero literario horrek euskal eleberriaren historiari, ekarpen tematikoaz gan, aberastasun edo bereizgarri formalik ekarri deutson aztertu da. Azkenik, 36ko Gerraren presentzia obra bakotxean ezbardina danez, haren funtzinoaren araberako sailkapena proponiduten da.

Liburua lau kapitulutan banatuta dago. Lehen atalean Memoria Ikerketen inguruko teoriak eta jokerak adierazoten dira.

Bigarren atalean narratologia kulturalaren helduleku metodologikoak deskribiduten dira, isilarazotako komunidadeen prozesu kulturalak ulertzeko baliogarri diralako ustean.

Hirugarren atalean alderdi enpirikoari eusten jako eta horren barruko kapituluak eleberrien korronte estetikoen arabera bereizten dira, guztira lau garai banatuz. Labur esateko, 36ko Gerrari buruzko lehen euskal eleberrigintza ohiturea eleberri bezela sailkatu da, ondoko lau obrakaz: Loretxo (1937), Ekaitzpean (1948), Bizia garratza da (1950) eta Laztantxu eta Betargi (1957).

Azken atalean ondorio orokorrak adierazoten dira: elebarriotan eregiten dan memoria mota, diskursoen generizazinoa, liburuak euskal eleberriaren historiari egindako ekarpena eta azkenik, 36ko Gerrak istorio bakotxean dauen funtzinoaren araberako sailkapen proposamen bat eginaz.

Amaia Serrano-Mariezkurrena

Hizkuntzearen eta Literaturearen Didaktikako irakaslea da Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultadean (UPV/EHU). Ikasketaz, Lehen Hezkuntzan eta Atzerriko Hizkuntzan diplomadua eta Euskal Filologian lizentziaduna. 36ko Gerra euskal nobelagintzan: Memoria Ikerketak euskal narratologiaren ikuspegitik tesia defendidu eban 2019an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu