Ariak 'Uhara' singlea kaleratu dau

Bizkaie! 2024-12-02 10:20   Musikea

Durangoko Azokako Musikearen plaza 046 standean izango da taldea.

Aria talde donostiarrak singlea kaleratu dau, Uhara izenekoa. Uhara, itsasontziek ur azalean ixten daben apar-arrasto zuria da. Lehenengo notekaz gozotasuna transmitiduz bare-bare dagoan itsasoan kokatzen deusku kantak, baina aurrera egin ahala intensidadeak gora egiteagaz batera azkar ulertzen da olatuak eta denboralea gertu dagozela. Halanda ze, abestiak amaitu dan hartu-emonen metaforea egiten dau: persona hori dagoeneko ez dago eurekaz, baina bere arrastoak, uharak lez, jarraitzen dau.

Hau da boskotea prestetan dabilen lan barriaren lehen aurrerapen-kanta. Sonoridadean euskal poparen eta italiarraren eraginak dagoz. Oriol Flores arduratu da abestiaren produkzinoaz, taldearen identidadea eutsiz, gozo eta erraz sartzen diran melodia horreek jagonez, baina harago joanda soinu garbi eta konpaktua eskaintzeko. Marina Landak sortutako kanten esentziak hor jarraitzen dauen arren, 2023a kaleratutako Urdin diskotik hona eboluzinoa sumatzen da: boskote formatua, pop klasikoagoa eta ahotsearen eta instrumentuen indarra.

Aria Donostian sortu zan 2023 hasierean. Taldearen atzean Marina Landa kantautorea dago, aspalditik abestiak idatzi eta konposatzeari esker bakarlari bezela ibili dana urteetan zehar. 2022an Iñaki Ortego (Lauroba) ezagutu eta alkarregaz proiektuari forma emoten joan ziran. Geroago, Ion Larrañaga (Azkoitiko eta Getariako bandak) baterian eta Iñaki Olaskoaga (Badmintones, Aphaxia) gitarra elektrikoan eta Maialen Urretabizkaia (Alargun Beltzak) baxuan batu ziran.

DA Pro topaketetan parte hartu dau taldeak eta euren kanta barria Durangoko Azokako Musikearen plaza 046 standean aurkitu ahal izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu