'Foruko Historia 12 mugarritan' liburua dakar Foruko Udalak

Bizkaie! 2024-11-29 07:51   Kulturea

Rober Garayren ilustrazinoakaz horniduta dago.

Foruko Udalak datorren martitzenean, abenduak 3, Foruko Historia 12 Mugarritan izenburuko argitalpena aurkeztuko dau. Denporan zehar bidaiatzera gonbidatzen dauen liburu honek, 12 erreferentzia historiko nabarmenen bidez, Foruko historiaren une garrantzitsuenak batzen dauz.

Foruko herritar guztiek geure herriko historia modu pedagogiko, hurbil eta erakargarrian ezagutzea gura dogu. Zehastazunetan aberatsa dan historia, mugarri nabarmenakaz, ilustrazinno iradokitzaileen bidez islatu doguna Rober Garay artistearen eskutik. Arteak eta Historiak bat egiten dabe argitalpen honetan eta horretarako historialari eta arkeologo ezagunen dokumentazinoa eta ezagutzea izan dogu, esaterako Ana Martinez, Juan Carlos Lopez Quintana edota Alberto Iturriarte Gernikazarratik. Benetan eskertzen dogu danon laguntzea, alkarregaz egin dogun ahalegin honengaitik eta geure historia aberatsa babesten eta zabaltzen laguntzeagaitik, nabarmendu dau Foruko alkate Mikel Magunazelaiak.

Foruko Historia 12 Mugarritan izenburuko liburuak zorroztasun historikoz islatzen ditu herriko joaneko m omentu garrantzitsuenen zehetasunak, historiaurretik aro garaikideraino. Argitalpena Atxagakoa kobeagaz hasten da (Erdi Pleistozenoko amaierea). Bertan, Busturialdeko lehen giza okupazinoaren aztarnak topau ziran, orain 100.000 urte baino gehiagokoak. Atxetako hatxuloa be historiaurrekoa da, 1959an topau eban Jose Migel Barandiaranek.

Liburuan erromatarren aurreko garaiari buruzko gorabeherak be azaltzen dira, 2000 urte ingurukoak. Baldatikarako bidean dagoan Santa Kurtziaren hilarria nabarmentzen da; erromatarren sasoian lortutako distirea be nabarmentzen da, Forua forum bat izan zanean (K.o. C), herrixka bategaz, terma publikoak eta metalurgia-tailerrakaz. Erromatarren sasoian Forua izan zan portua be agertzen da liburuan, kostaldea barrualdeagaz komuniketako aukerea emoten eban kabotajeko nabegazinoaren bidez.

Liburuak Erdi Aroraino egiten dau aurrera, Forurako eta eskualde osorako hain enblematikoa dan Urdaibaiko torretxeari aitamen berezia eginez. Burdinolak eta errotak be nabarmentzen dira, gaur egun horreen aztarnak eta kokapenaren memoria baino ez dagoz. Foruko ondare historiko eta kulturalaren parte garrantzitsua da San Kristobal ermita-eleizea be eta argitalpenak erromeria herrikoi batean erretratetan dau.

Ganerakoan, Foruko harrobia, frantziskotarren komentua, Foruko hiru bizilagunen fusilamenduak 1937an eta 1986ko desanexinoa (Foruko bizilagunek erreferendum bidez erabagi eben Gernika-Lumotik bereizi eta udalerri independentea izatea) dira argitalpenak jasoten dituan beste mugarri nabarmenetako batzuk.

Foruko Historia 12 Mugarritan liburuaren aurkezpena datorren martitzenean, abenduaren 3an, izango da, 19:00etan, Foruko udaletxean. Udalak Foruko herritarrak animetan ditu hurreratu daitezan. Bertan Rober Garay artista eta ilustratzailea egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu