Karmelo Ikastolearen 60. urtemuga ospatzeko kalejira erraldoia atondu dabe
2024-11-28 08:34 Pil-pileanBihar, hilak 29, Karmelo Ikastolatik Karmelo Plazara.
Euskarari bizitzen ez zioten uzten,
euskaldunak argirik ez zuen ikusten,
han ziren gurasoak geureari eusten,
Santutxu euskaldun bat guri erakusten,
ametsaren sotoak eraiki zituzten.
Holan hasten da 2014an Karmelo Ikastolaren 50. urtemugea ospatzeko sortutako Bagatoz, bagoaz kantua. Holan izan baitzan proiektu horren hasierea. Orain 60 urte Santutxu euskaldun bat amesten eben gurasoak alkartu eta amesaren geroa eregiten hasi ziran. Holan sortu zan 1964. urtean Karmelo Ikastola.
Ausardiaz hasi ziran etxez etxe ume bila, gurasoei proiektu barrira atxikitzeko konbidapena ilusinoz eginez. Aizu! Zuen seme-alabentzat euskerazko irakaskuntzea eskaintzera gatoz, Ikastola bat sortu nahi dogu... umeak behar doguz... eta zuek umeak dozuenez... Zortzi familia atxikitu ziran proiektura. Halanda ze, 3, 4 eta 5 urteko 12 ume izan ziran hasierako lehenengo ikasleak.
60 urte pasau dira eta Karmelo Ikastolaren proiektua bizi-bizirik dago, 16 urterarteko eskaintzea dakar, ehunka ikasle dituana: 210 Haur Hezkuntzan; 306 Lehen Hezkuntzan; eta, 192 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Guztira, 130 langile dira.
Urteotan egindakoa ospatu nahi dogu eta etorkizunari begira jarri, izan be, oraindino be euskereari bide luzea geratzen jako benetako normalizazinoaren bidean. Beraz, 2024-2025 ikasturtean ospakizun ugari atondu doguz.
Programazinoa
- Zemendiak 29: Txupina, jaia eta ospakizuna. Kalejirea Karmelo Ikastolatik Karmelo Plazara.
- Abenduak 3: Euskerearen Eguna. Karmelo Ikastola auzoan zabalduz. Ekintzak Santutxun egingo dira.
- 2025. Urtarrila - Zezeila: Hurrengo ikasturterako matrikulazino garaia. Kalejirea auzotik eta txu-txu trena.
- 2025. Martiak 9: Santutxuko inauteriak. Euskerearen tribua auzoko kaleetan.
- 2025. Apirilaren 7tik 13ra: Euskerearen Astea.
- 2025. Maiatza: Ikasle ohien topaketea, 15etik 25era egingo dan Euskaraldiaren barruan.
- 2025. Maiatzak 24: 60. urtemugako jaia Karmelo Ikastolan.
Auzoari begira
Karmelo Ikastolaren proiektua ezin da ulertu auzotik kanpo. Santutxun sortutako proiektua da, auzoan errotua. Hasieran, Karmelo eleizearen lokaletan emoten zituen klaseak, halanda ze, Karmelo Ikastolaren izena hortik dator. 1964-65ean hasi zan lehen ikasturte historikoa. Gela bat, alfonbra bat, 12 ume eta Itziar Zarraonaindia andereñoa. 1969. urtean lortu zan Ikastoleak euskeraz irakasteko baimena, enseñanza en vascuenceren ordez, enseñanza del vascuence jarri behar izan zalako.
Auzoari zor deutsagu garena; horregaitik, auzoari bueltau nahi deutsagu emon deuskun guztia. Atonduko diran jarduerak Santutxu izango dabe ardatz, bertako kaleak eta bizilagunak. Euskerea hizkuntza bizia da eta bizi daiten hiztunak behar ditu. Santutxun milaka dira euskeraz bizi diran lagunak; horreek dira gure arnasgune eta urte osoko proiektuaren bihotza.
Ekimena aurrera eroteko ezinbestekoa da danon parte-hartzea. Beraz, Karmelo Ikastolako hezkuntza komunidadea buru-belarri dabil egitasmoa gauzatzeko burrukuan: familia, ikasle, irakasle, zuzendaritzea...
Dana dala, asko dira behar diran baliabideak: horregaitik zuokana joten dogu, proiektu horretan parte hartu eta laguntzeko prest egongo zarielakoan. Euskeratik eta euskeraz bizi dan eta bizi nahi dauen proiektua gara, ekimenagaz bat egin nahi izan ezkero, idatzi helbide honetara. Euskeraz bizi nahi dogulako!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!