Joxerra Bengoetxea, UPV/EHUko errektore izango da datozen 6 urteotan
2024-11-27 07:58 Pil-pileanBengoetxeak botoen % 63,63 eta Ferreirak % 36,37 lortu ditue.
Errektore barria aukeratzeko hauteskunde eguna izan da Euskal Herriko Unibersidadean eta irakasleak, ikasleak eta teknikariak eta kudeaketako eta administrazino eta zerbitzuetako langileak izan dira deituak botoa emotera, danetara, 50.590 lagun. Joxerramon Bengoetxearen hautagaitzea nagusitu jako Eva Ferreiraren hautagaitzeari, emoitzea ondokoa izanik: Bengoetxeak % 63,63 eta Ferreirak % 36,37.
Agintaldia, lehenengo aldiz, sei urtekoa izango da, eta ezin izango da ez luzatu ez barritu, holan ezartzen baitau martiaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak, Unibersidade Sistemari buruzkoak. Jakina danez, unibersidadeko hauteskundeetan boto haztatua ezartzen da, hau da, unibersidadeko kidego bakotxari ehuneko bat esleitzen jako eta, horregaitik, hautagaitzen emoitzak ehunekotan zehazten dira. ondokoak dira talde bakotxari esleitutako ehunekoak:
- Unibersidaeko irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreek, % 56.25.
- Unibersidadeko irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreek eta unibersidadeko irakasle-ikertzaile ez-iraunkor doktoreek, % 8.
- Gainerako irakasle-ikertzaileek, % 1,59.
- Ikasleek, % 22,08.
- Teknikariek eta kudeaketako eta administrazino eta zerbitzuetako langileek, % 12,08.
Hauteskundeetan 11.081 izan dira boto eskubidea gauzatu dabena: balioz emondako 10.049 boto egon dira; 530 boto zuriak izan dira eta baliobakoak, 82. Azken emoitzarako, hautagaiei balioz emondako botoak baino ez dira hartzen kontuan.
Bart aldarrikatu da, behin-behinekoz, hautagai irabazlea. Inpugnazinoak aurkezteko epea abenduaren 2an amaituko da. Inpugnazinorik ez badago, hurrengo egunean aldarrikatuko da behin betiko errektore hautetsia, hau da, abenduaren 3an.
Hauteskunde kanpainea zemendiaren 8an hasi eta hilaren 24an amaitu zan, eta kanpainako mugarri nagusietako bat zemendiaren 11n egingo dan Klaustroa izan da, hautagaiek beren programak azaldu baititue bertan. Azpimarratzekoa da kanpainako egun batzuetan botoa aldez aurretik emoteko aukerea egongo dala eta, hain zuzen be, zemendiaren 18tik 21era bitartean emon ahal izan da fakultade, eskola eta campusetako idazkaritzetan.
Errektorea unibersidadeko agintari akademiko gorena da. Errektorea unibersisadeko kideek hautatzen dabe, hautaketa zuzenaz eta sufragio unibersal, libre, sekretu eta haztatuaren bidez. Errektore izateko hautagaia arduraldi osoan dabizen irakasle, ikertzaile iraunkor doktorea izan behar da eta izan behar ditu, gitxienez, ikerketako hiru seiurteko, irakaskuntzako hiru bosturteko eta lau urteko esperientzia unibersidade gestinoan, kide bakarreko kargu batean. Aurkeztutako hautagaitza biek gitxienez klaustrokideen % 10ek sinatutako bermea dabe.
Informazio gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!