‘Romualda Zuloaga panderoaren bidaia hilezkorra' liburua aurkeztuko dabe Galdakaon

Bizkaie! 2024-11-26 11:11   Kulturea

Sormene: kantuz kontatu, zemendiaren 26tik abenduaren 3era.



Euskerazko kulturearen ekosistemea indartzeko helburuagaz ekin eutsen 2020. urtean Sormene, Galdakaotik Euskal Herri osorako sortutako sorkuntzen plazeari. Ordutik izandako zazpi edizinoetan, euskerazko sortzaileen lana herritarrei hurreratu eta euskal kulturearen transmisioan lanketa sakona egitea bultzatu dau.

Esentzia eta arima beragaz dator aurtengo udagoienek edizinoa, zemendiaren 26tik abenduaren 3ra Iturrondo plazako karpan eta herriko beste zenbait txokotan gauzatuko dana. Aste horretan zehar, ikasle eta gurasoentzako askotariko ekitaldiak atondu ditue, besteak beste, irakurtaldi komunitarioa, pandero-tailerrak, kantagintzeari buruzko berbaldia gurasoentzat, ikerketa-lanen aurkezpenak, bertso-saioak, antzerkiak eta bakarrizketak.

Aurten, talde eragileen ekarpenak aintzat hartuta, ahozko transmisinoa da ardatz, izan be, betidanik ahozkoa izan da kulturearen transmisinoa baina orain mende erdi eta orain ezbardin prestetan dogu gure burua ahoz komuniketako. Gaur egun, aurrez eta idatziz lantzen dira ahoz kontau eta kantauko diranak. Garai batean ez dakigu idatzizkoa ete zan aurrelana. Esaterako, Romualda Zuluaga pandero-jole galdakoztarrak kantuen bidez kontetan zituan auzoko edo herriko barriak eta errepikapenak eta errimak erabilten zituan koplak gogoan hartu eta jentaurrean eskaintzeko.

Sormene: kantuz kontatu

Ahoz edo idatziz, transmisinoa behar dau kultureak: artistek entzuleei, irakasleek ikasleei, gurasoek seme-alabei... Gaur arte gehienbat ahozkoa izan baita kulturearen transmisinoa baina forma barriak topau beharrean gagoz. Behar horretan arakatzera dator Sormene.

Horretarako, alde batetik, Galdakaoko sortzaileen lana eta bizimodua dokumentau eta zabalduko dau, emakumeen aparteko garrantziagaz, izan ere, Romualda Zuluagari buruzko Romualda panderoaren bidaia hilezkorra liburua ondu dau Gontzal Carrasco historialariak eta trikitilariak, eta herrian egingo da liburuaren aurkezpena zemendiaren 29an, arratsaldeko 18:00etan. Irakurketa bateratua izango da eta Romualdaren familiak, Bekeako bizilagunek, Andra Mari, Erabide eta Leidu alkarteek zein beste zenbait herritarrek irakurriko ditue labetik atara barria dan liburuaren zatiak.

Horrezaz, literatura arloan be, zeendiaren 30a izango da Sormeneren ekitaldi gehien batuko dan eguna. Egun osoan zehar, euskerearen konpromisoa erakutsi eta irakurletasuna bultzatzeko Liburua opari ekimena dakar Bagabiz Euskara Alkarteak; jarraian, Eguerdi Filosofikoak herriko artista gazteak eta Euskal Herriko mailakoak alkarlanean batuko ditu filosofia eta sorkuntzea buztartuz; azkenik, arratsaldean, kultura tradizionala eta abangoardia lotuko ditu Euskara (b)ere saltsan ekimenak, Divenire jantza akademiaren euskerazko saltsa tailerraren eta Goxua’n Salsa taldearen kontzertuaren bidez.

Kontuak kontu, egunerokoan euskeraz egiten ez diran ekimenak euskeraz egitea eta euskal sormenaren esparruak zabaltzea da ekitaldiaren asmoa. Horretarako, kultur transmisinoan eragiteko ahaleginak etenik bakoak izango dira Sormenen.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu