Toki komunikabideen erronkak aztergai VIII. TOKIKOM sarietan

Bizkaie! 2024-11-21 07:58   Kulturea

Zemendiaren 22an banatuko ditue urteko azalik, edukirik eta ikus-entzunezkorik onenari jagokozan sariak.

Toki Komunikabideen Bateraguneak, sariak banatuko ditu Artikan (Nafarroa) zemendiarenn 22an. Sariketea atontzeko, TOKIKOMek Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzearen, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Laboral Kutxaren laguntzea jaso dau.

Bederatzi finalista

Ekitaldia 11:00etan hasiko da, kafe eta mokadutxo bategaz, eta, jarraian, TOKIKOM Sariak banatuko dira, toki komunikabideetan azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena be nabarmentzeko. Horrezaz gan, Nafarroa Saria be emongo jako Nafarroako baloreak eta konpromisoa ondoen islatzen dituan lanari. Sarion helburu nagusia toki komunikabideetan egiten dan eta sarritan ahaztuta geratzen dan kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea da. Ondokoak dira sariak
eskuratzeko lehiatuko diran finalistak:

Azalik onena

• Puntua (Debagoiena). Biniloa.
• Karkara Guka (Orio-Aia). Olatu barrien bila.
• Guaixe (Sakana). Matxismoa ari dau.

Edukirik onena

• Uztarria Guka (Azpeitia). Gelditu dira inprentaren makinak.
• Kronika (Urumealdea). Gizatasuna ideologien gainetik.
• Anboto (Durangaldea). Gazatik iges egindako 25 palestinarrek Berrizen hartu dabe aterpe.

Ikus-entzunezkorik onena

• 28 Kanala (Tolosaldea). Haritik tiraka: tokiko merkataritza.
• Antxeta Irratia (Bidasoaldea). Uhin inklusiboak.
• Hiruka (Uribe Kosta). Bene Markaida.

Toki komunikabideen erronkak

Sariak banatzeaz gan, TOKIKOMek aukerea aprobetxau nahi izan dau sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua kopartiduteko. Horretarako, hiru ponentzia mamitsu atondu ditu, erronka horreen artean kokatzen diran hiru gai nagusienetakoen inguruan: euskerearen beraren etorkizuna, lanen eta baliabideen antolakuntzea hobetu beharra, eta hedabideen inguruko komunidadegintzea. Horretarako, izen handiko gonbidatuak ekarriko ditu:

• Euskerearen Gogoetaguneko Jon Sarasuak euskerearen etorkizunaz egindako lanketan toki komunikabideei autortzen deutsen zereginaz jardungo dau.
• AEKko Lurdes Etxezarretak eta Xabi Gartziak, barriz, AEKk azken urteotan barruko integrazinoaren eta antolaketearen arloan egiten dabizen prozesuaren barri emongo dabe, toki komunikabideentzat interesgarria izan daitekeelakoan.
• ElDiario.es-eko fidelizazino arduradun Ramón Argelinak euren kidetza eta fidelizazino estrategiaz berba egingo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu