XIX. eta XX. mendeetako emakume-jantzien erakusketea Ondare Aretoan

Bizkaie! 2024-11-20 09:33   Kulturea

Eulalia Abaituaren argazkietan oinarrituta.





Bilboko Euskal Museoak atondutako Kameratik orratzera. De la cámara a la aguja erakusketea zemendiaren 20an helduko da Ondare Aretora, La Encartada Fabrika-Museotik (Balmaseda). Ekitaldi honetan Eulalia Abaituaren argazki-bilduma bat hartu da erreferentziatzat eta lau jantzi josi dira, XIX. eta XX. mendeen artean Bizkaiko emakumeen jazkerea zelakoa zan erakusten dabenak, jenaurrean jarteko.

Erakusketa hori Bizkaiko Foru Aldundiko Erakusketa Aretoan bisitau ahal izango da 2025eko apirilaren 26ra arte, eta inaugurazinoa honako honeek egin dabe: Begoña de Ibarrak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak; Sorkunde Aiarzak, Ondare Aretoko zuzendariak; Alicia Fernandezek; eta Nekane Madariaga nahiz Aloña Intxaurrandieta erakusketako komisarioek.

Kameratik Orratzera. Emakumeen jantziak Eulalia Abaituaren argazkietan. De la cámara a la aguja. El traje femenino en las fotografías de Eulalia Abaitua izeneko erakusketea Eulalia Abaitua argazkilari bilbotarraren irudiak ditu ardatz eta bertan XIX. eta XX. mendeen artean Bizkaiko landa eta uri-eremuetako emakumeen jazkerak zituan ezaugarriak agertzen dira.

Bilboko Euskal Museoak atondutako erakusketarako, Eulalia Abaituaren argazkiak eta Bizkaiko emakumeen jazkerearen eredu lau jantzi sortu dira, orduko ezaugarriak batzen dituen soineko osoen erakusgarri. Ondoko jantza taldeetako emakumeek egin ditue jantziok, hainbat jantzari-alkarteren laguntzeagaz: Agintzari (Basauri), Salbatzaile (Bilbo) eta Zubitxo (Lezo).

Bilboko Ondare Aretoak eskainitako erakusketan, formatu handiko 24 argazki-erreprodukzino agiri dira, Eulalia Abaituak hartu ondoren, Bilboko Euskal Museoaren digitalizazino barrietatik sortutakoak. Bertan, garai bateko erropa-piezak agertzen dira, zenbait janzkiren ezaugarriak azaltzeko (buruko apaingarriak, xalak, barruko erropea, alkandorak, jakak, amantalak, besteak beste). Erakusketearen barruan irudiak, objektuak eta ikus-entzunezko bat dagoz eta azken horren bidez ikus daiteke jostunek, patroi-egileek eta tintatzaileek egindako lana.

Ondare Aretoko erakusketeagaz batera, landa-eremuan lanerako erabilten ziranetako soineko bi egiteko patroiak jarriko dira salgai.

Horrezaz gan, patroien lehen liburua be eskuragarri egongo da, ospakizun formaletarako jantziari jagokona eta Eulalia Abaituaren argazkien erakusketen katalogoak, Bilboko Euskal Museoak egindakoak.

Elementu horreek guztiak erabiliz, Kameratik orratzera. De la cámara a la aguja erakusketaren bidez, Eulalia Abaitua argazkilariaren lana ezagutzera emoteaz gaan, beste ikuspegi batetik egingo da argazkilariaren obrearen balorazinoa, izan be, emakume langileen jazkereari buruz ikertzeko informazio-iturri bakarra da argazki-bilduma hori.

Erakusketa honetan bat egiten dabe Bizkaiko landa eta uri-giroan emakumeek lanerako erabilten zituen erropen ezaugarriek eta jantziek ezkutuan gordetzen dituen balioek zein esangurek. Bestalde, jantza-taldeek joskintzeari lotutako herri-kulturearen transmisinoan daben garrantzia kontuan hartuta, Kameratik Orratzera. De la cámara a la aguja proiektuan, emakumeek ezkutuan egindako lana balioesten eta autortzen da, ha ikertuz eta produziduta.

Erakusketa ibiltari hau Bilboko Euskal Museoa berregituratzeaz batera datorren jardueren barruan kokatzen da.

Erakusketea La Encartada Fabrika-Museoan hasi zan, Europa osoko ehungintzako bilduma teknologiko onena eta osotuena baitago. Museo hori bisitetea XIX. mendeko ehungintza-sektoreko fabrika batean sartzeas da, garai haretako puntako makinak ezagutzea.

Jarduerak

Ondare Aretoak erakusketeagaz lotutako kultura-jarduera batzuk aurkezten ditu, datozen hilebeteetan eskainiko diranak: bisita gidatuak, proiekzinoak, berbaldiak eta publiko guztientzako tailerrak.

Erakusketa honen komisario diran emakumeek bisita gidatuak eskainiko ditue, 18:00etan, 2024ko zemendiaren 26an, 2025eko urtarrilaren 14an, zezeilaren 11n, martiaren 11n nahiz apirilaren 15ean.

Bestalde, 2024ko abenduaren 10ean, Ainhoa Urgoitiren Norberaren gela dokumentala proiektauko da.

Horrezaz gan, 2024ko abenduaren 17an, jenteak Nekane Madariagaren eta Aloña Intxaurrandietaren berbaldia entzuteko aukerea egongo da, Kameratik orratzera proiektuari buruz.

2025eko urtarrilaren 28an, barriz, Ane Albisu jantzi tradizionalari buruz egingo dau berba.

Aldi berean, Ondare Aretoak erakusketeari lotutako jarduerak programauko ditu, besteak beste, familian ikaskuntzea eta sormena sustatzera bideratutako familia-tailerrak, nahiz ikastetxeetarako, talde itunduentarako eta alkarteetarako proposamen hezigarriak.

Ze,emdiaren 22an, zemendiaren 29an eta abenduaren 13an, eguerdiko 12:00etatik 13:30era, Sareak programeari lotutako beste saio batzuk egingo dira: Ondarea eta Memoria. Bertan, edadeko personen kolektiboakaz eguneroko memoria lantzea da helburua eta hausnarketa hori egiteko abiapuntua ondareagaz doguzan hartu-emonak izango dira, parte-hartzaileen bizi-kontakizunak kontuan hartuta.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu