Emakumeen eta gizonen arteko bardintasunerako lehen plana martxan dago Muruetan

Bizkaie! 2024-11-20 08:33   Pil-pilean

Herri mailan disgnostikoa egitea izan da lehenego pausua.



Muruetako Udalaren Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako lehen Plana martxan da eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako VII. Planaren printzipioak eta lan-estrategiak hartzen ditu kontuan: Udal-kudeaketan genero-ikuspegia txertatzeko tresna bat da plana, konpromiso politikoa, teknikoa eta herritarra eskatzen dauena. Beraz, zeharkako helburu horretan lan egingo dogu ekintza zehatzak martxan jarriz Muruetan benetako aukera-bardintasuna bermatzeko, arauzko bardintasunaren eremutik harago. Hori lortzeko, gure herriko egoerara egokitzea nahitaezkoa da adierazo dau Julen Karrion Muruetako alkateak. Plana edegia eta malgua da, lau urteko indarraldiagaz (2024-2027) eta urteko planakaz, lortzen diran helburuak neurtzen joateko adierazleak kontuan hartuta.

Muruetako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako I. Planean bardintasunaren arloan landutako jarduera-estrategia lau ardatz edo esku-hartze eremutan oinarritzen da: Gobernu Ona, Emakumearen Ahalduntzea, Ekonomiak eta Gizarte- Antolakuntza Eraldatzea eskubideak bermatzeko eta Indarkeria matxistarik bako biziak.

Herrian egindako diagnostikoan jasotako proposamenei jagokenez, honako honeek nabarmentzen dira Gobernu Onean: formakuntza plan bat ezartzea udal-langile eta politikariei zuzenduta; politikariek beste erakunde eta koordinazino espazioetatik eskaintzen daben formakuntzan parte hartzen jarraitzea; udal-inprimaki guztietan sexu-aldagaia txertatzea; bardintasun-plana bultzatzeko eta ebaluetako estrukturak sortu; bardintasun-klausulak txertatzeko ereduak eskaini; alkarte eta ganerako eragileakaz alkarlana sustatu, gitxienez, zemendiaren 25 edo martaren 8ko programak sortzeko, eta HAPOan genero perspektibea txertatzeko dirulaguntzea eskatu.

Emakumeen ahalduntzearen barruan, honako honeek planteetan dira: emakumeen osasuna lantzeko ikastaro bereziak eskaintzea: emakumeen autojagoletze, ahalduntzea lantzeko ikastaroak...; emakume nagusien bakardadeari aurre egiteko programak sustatu; auzoetako emakumeen parte-hartzea bermatzeko estrategiak landu; emakume gazteen parte-hartzea sustatu, belaunaldi artekotasuna erabiliz; itzulpengintza estrategiak landu eta landa-eremuko emakume ekintzaileen lana ikusarazo.

Eskubideak bermatzeko ekonomiak eta gizarte-antolaketa eraldatzeari jagokonez, honako haoneek proponiduten dira: Gizonduz programea landu, jubilauen alkarteko kideekaz; aita gazteakaz lan egitea; ama gazteek parte hartzeko udal-baliabideen zerbitzuak eta ordutegiak handitzea.

Eta indarkeria matxistarik bako biziak esparruan: indarkeria matxistearen biktima diran personentzako baliabideen inguruko informazinoa zabaltzea; indarkeriaren adierazleak antzemoteko programak edo kanpainak egitea: kartelak, hitzaldiak, bideoak...; formakuntza Osasun-zerbitzuagaz.

Muruetako I. Bardintasun Plana zeharkakotasunaren ikuspegitik lantzen da, Udaleko arlo eta zerbitzu guztiak beregain hartuz, bai neurrien kudeaketa ekonomikoan eta gauzapenean islatu dan konpromiso formal lez, baita emakumeen eta gizonen bardintasunaren aldeko konpromiso lez be. Bardintasun Planaren arduradun teknikoaren lanaz eta inplikazinoaz gan, beste arloetako teknikariena be beharrezkoa izango da, Planak arlo askori eragiten deutselako, eta lana zeharka egitea askoz eraginkorragoa izango dalako benetako eragina lortzeko. Horrezaz gan, koordinazino-espazio bat sustatu beharko da, herritarrakaz aurrerapausuak konpartidu eta herritarren eta eragileen parte-hartzea eta alkarlana sustatzeko. Bardintasun Planak urtero aurrekontu propioa izango dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu