'Persona guztien duintasuna bermatuko dauen gizartea eskatzen dogu'.
2024-11-19 07:50 Pil-pileanBizkaiko VII. Osoko Txikiak gizate inklusiboagoan bizitzeko eskubidea aldarrikatu dau.
Persona guztien duintasuna bermatuko dauen gizartea eskatzen dogu, gaitasunak zalantzan jarten dituen etiketak ezabatuz. Hori da Bizkaiko ikasleek Gernikako Batzarretxean egin dan Osoko Txikian aldarrikatu daben asmoen adierazpenaren lehenengo puntua. Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Unicef Euskadiko Batzordeak atondutako ezohiko batzarrean 300 ume inguruk hartu dabe parte, lurraldeko ume eta gazte guztien ordezkari lez. Aldarrikapena Umeen Mundu Egunerako (zemendiak 20) egun bi falta diranean gizarte inklusiboagoa sustatzeko nahia jasoten dauen dekalogoan gauzatu da.
Bizkaiko 12 ikastetxetako (Barrutialde, Balmaseda, Mungia, Askartza Claret, San Antonio, Antzinako Andra Mari, San Pelayo, Nuestra Señora del Carmen, San Felix Ikastola, Ikasbide, Urretxindorra eta Lauro) bigarren hezkuntzako bigarren eta hirugarren mailako ikasleek eztabaida publikoan parte hartzeko eskubidea erabili dabe Gernikan, lurraldeko ordezkari politikoakaz partekatu daben adierazpenaren bitartez, Bizkaiko ohiko Osoko Txikiaren zazpigarren edizinoan.
Umeen osokoaren buru Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Joseba Madariaga Ibarra Unicef Euskadiren Batzordeko presidente barria izan dira. Eurekaz batera, Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiko eta talde guztietako kideak egon dira.
Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak ikasleen komunidadea, batez be aurtengo edizinoan parte hartu daben 800 ume baino gehiago, zoriondu dau egindako lan handiarengaitik. Otaduik bat egin dau umeen eta gazteen aldarrikapenakaz eta euren ondorioei balioa emon deutse. Bizkaiko Batzar Nagusien parte zarie eta zuen ahotsak hemen entzungo dira umeen eskubideak aldarrikatuz, aniztasun funtzionala daben adinbakoen eskubideak aldarrikatzea lako gai garrantzitsuan esan deutse.
Unicef Euskadiko Batzordeko presidenteak, bere aldetik, Umeen Munduko Egunaren barruan Txikien Osokoagaz amaituko dan Zure balioak lau haizeetara! ekimenaren beste edizino batean parte hartzeak Bizkaiko ehundaka neska-mutili emoten deutsen gogoetarako unea azpimarratu gura izan dau. Espazio horrek umeek eta nerabeek partaidetza aktiboa eta protagonikoa izateko daben eskubidea autortzen dau. Gure gizartearen parte dira. Eurengan eragina daben gaiei buruz eretxia emoteko eta euren ahotsa entzuteko eta kontuan hartzeko eskubidea daukie, azpimarratu dau Madariagak.
Aurreko edizinoetan lez, ekitaldia Gernikako Batzarretxeko hitzordu handien protokolozko zeremonian batuta egon da. Jardunaldia agurragaz eta Gernikako Arbolearen ondoan egin dan familia argazkiagaz hasi da. Aldarrikapenak adierazo ostean, gazte talde batek, ordezkari politikoakaz batera, urteroko Adierazpenean eta, ondoren, Foru parlamentuaren Ohorezko liburuan sinau dabe. Parte hartu daben ikastetxeetako umeek ordezkari politikoen aurrean irakurri ditue aurton 35. urteurrena beteten dauen Umeen Eskubideei buruzko Konbenzinoaren 23. artikuluan laburbildu daitekezan eta 2024ko adierazpenak jasoten dituan hamar puntuak. Bertan defendiduten danez, persona orok dau bere komunidadearen parte aktibo izateko eskubidea eta ezin da ezelan be diskriminau bere izaera fisiko, kognitibo edo sentsorialarengaitik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!