Bero-boladek eta uriolek erasandako umeen kopurua zortzi aldiz ugarituko da 2050erako

Bizkaie! 2024-11-19 09:54   Pil-pilean

Unicefen txosten barri batek gatx ikusten dau umeen eta nerabeen etorkizuna.

Argazkia: Unicef. | Ikusi handiago | Argazki originala

Umeen etorkizuna arriskuan dago, eskubideak babesteko preminazko neurriak hartzen ez badira, ohartarazo dau Unicefek Umeen Munduko Eguna dala eta.

Estado Mundial de la Infancia 2024: el futuro de la infancia en un mundo cambiante txostenak aurreikusten dauenez, hiru indar global nagusik eragina izango dabe umeen bizitzan, 2050ean eta ondoren. Megajokera horreek, klimearen eta ingurumenearen krisia, aldaketea demografikoa eta aurrerapen teknologikoak, funtsezko adierazleak emoten ditue umeek etorkizuneko erronkei eta aukerei buruz.

Txostenaren arabera, 2050-2059 hamarkadan, klimearen eta ingurumenearen krisiak arabere gehiago orokortuko dirala aurreikusten da: zortzi aldiz handiagoa izango da muturreko bero-boladen eraginpean izango diran umeen eta nerabeen kopurua, hiru aldiz handiagoa muturreko ibai-uriolen eraginpean izango diranena eta ia bi aldiz handiagoa muturreko baso-suteen eraginpean izango diranena, 2000ko hamarkadeagaz alderatuta.

Klima-aldaketak areagotutako hondamendiaren adibidea da DANA, azken egunotan gure herrialdea kolpetu dauena, adierazo dau Gustavo Suárez-Pertierrak, Unicef Espainiako presidenteak. Arreta berezia dogu jarria Valentziako Erkidegoan uriolek kaltetutako udalerrietan bizi diran 163.000 ume horreengan. Ahalik eta lasterren eskolara bueltau behar daben umeak, segurtasuna eta ondoizate emozinonala bermatuta, jasan daben trauma handiaren ondoren, gaineratu dau. Unicefek larrialdi humanitarioetan dauen esperientziak erakusten deusku umeak dirala biztanlerik kalteberenak holako egoeretan. Eskolak birgaitu bitartean, umeek espazio alternatibo seguruak izan behar ditue, ikasi eta sozializau ahal izateko.

Edozelan be, arrisku klimatikoek munduko umeengan izango daben eregina, ondokoaren araberakoa izango da: adina, osasuna, egoera sozioekonomikoa eta baliabideetarako daben sarbidea. Txostenak azpimarratzen dau preminazkoa dala ingurumen-neurri espezifikoak hartzea ume guztiak babesteko eta aurre egin behar deutsen arriskuak arintzeko.

Jokera demografikoa be kezkagarria da planeta osoan. Aurreikuspenen arabera, Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Asia hegoaldean izango da ume gehien 2050eko hamarkadan. Biztanleria globalaren zahartzea be aurreikusten da, umeen proporzinoak behera egingo baitau munduko eskualde guztietan. Handia izaten jarraituko dauen arren, 2050ean, umeen populazinoa % 40tik behera jaitsiko da Afrikan; 2000ko hamarkadan % 50 ziran. Ekialdeko Asian eta mendebaldeko Europan be % 17tik behera egongo da; 2000ko hamarkadan, umeak biztanleriaren % 29 eta % 20 ziran, hurranez hurran.

Bestalde, txostenak autortzen dauenez, abangoardiako teknologiek, besteak beste, adimen artifizialak, onurak eta arriskuak dakarrez ume eta nerabeentzat. 2024an, errenta handiko herrialdeetako biztanleen % 95 baino gehiago internetera konektauta dagoz. Errenta baxuko herrialdeetan, barriz, % 26 baino ez dira.

Diru-sarrera txikiko eta ertaineko herrialdeetako gazteen ehuneko handi batek zailtasunak ditu konpetentzia digitalak eskuratzeko eta horrek eregina izango dau tresna digitalak hezkuntzan eta etorkizuneko lanpostuetan modu eraginkor eta arduratsuan erabilteko gaitasunean.

Halanda be, jaiotzetan bizi-itxaropena handitzea be aurreikusten dau txostenak eta hezkuntzarako sarbidean azken ehun urteetako aurrerapenek jarraitzea. Era berean, hezkuntzan eta osasun publikoan inbersino handiagoa eginez eta ingurumena zorrotzago babestuz, txostenak dakarrenez, umeentzako emoitzek nabarmen egin leikela hobera.

Umeen Eskubideei buruzko Nazino Batuen Konbenzioan jasotakoaren harin, Umeen Mundu-egoera (2024) txostenak azpimarratzen dau umeen eskubideak estrategia, politika eta ekintza guztien erdigunean jarteak dauen garrantzia. Dei egiten dau hiru megajokerek planteetan dituen erronkei eta aukerei aurre egiteko, ondoko honeen bidez:

  • Umeentzako hezkuntza, zerbitzu eta uri jasangarri eta erresilienteetan inbertidutea.
  • Erresilientzia klimatikoa areagotzea azpiegituretan, teknologian, funtsezko zerbitzuetan eta gizarte-laguntzinoko sistemetan.
  • Konektagarritasuna eta diseinu teknologiko segurua ume eta nerabe guztientzat.

Munduko leku askotan umeen eskubideak oraindino bermatu barik dagozala gogorarazoteko aukerea da. Nazinoarteko liderrek sustatzen dituen neurriek zehaztuko dabe egungo eta etorkizuneko umeen errealidadea, esanez amaitu dau Gustavo Suárez-Pertierrak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu