Portugaleteko Nazinoarteko Zortzikote Jaialdiak 25 urte bete ditu
2024-11-19 08:00 MusikeaOtxoteak berreskuratu ditue Euskal Herrian.
2000. urtean, FIOP sortu ebenean, Euskal Herrian otxotismoaren berreskuratzea hasi zan. 1932ko irailaren 11n Portugaleteko Udalak lehiaketea atondu ebanetik, Danok-Bat, Tavira (Durango), Lagun Artea (Bilbo) eta Castro Urdialesko Koral Alkartea (irabazlea), Portugalete eta otxotea alkartuta dagoz. 1930ean Bilboko Koral Alkartean jaiotako genero korala ofizialdu zan.
Harrezkero, Ezkerraldeko Uria otxotearen sinonimoa da, bederatzi hamarkadatan Danok-Bat Otxoteak antzeztua, historiako zaharrena izanik. Hainbat garaipen Portugaleten geratu ziran. 70eko hamarkadearen amaierean lehiaketeak eta talde gehienak desagertzen joan ziran. 2000. urtean FIOPen ibilbidea hasi zanean, Euskal Herrian dozena erdi otxote talde baino ez egoazan. Gaur hogei inguru dagoz.
Apaltasun osoz esan leike FIOP izan dala otxoteen aitzinamenduaren benetako motorra. 25 urte hauetan zehar, programazino barritzailea sustatu dau, joera barrietara edegia eta diziplina ugarikoa.
Emakumeen formazinoetara eta talde mistoetara edegiteak, ahots maskulinorako sortu zan generoa aberasten lagundu dua. Edegiera horrek, aldi berean tradizino hutseari eutsiz, proiekzino barria ekarri dau ahots, errepertorio, kulturea, estetika musikal edo hizkuntzea ezagutarazoz.
Berreskuratze lan horrez gan, FIOPek otxotea beste arte eszeniko batzuekaz lotu dau, esaterako jantzea, antzerkia edo eskulturea: 8+te, Otxoteszena edo Hierro y voz izeneko erakusketea ibiltaria. Ganera, konposizino saria atondu dau bost edizinotan, zortzikoterako idatzitako konposizino barriak sustatzeko. Euskadin ez ezik, Kantabrian, Asturiasen, Galizian, Salamancan, Madrilen, Bartzelonan, Burgosen edo Granadan be talde barriak bultzau ditu.
Harro esan behar dugu FIOP dala munduko Nazinoarteko Otxote Jaialdi bakarra, ehunka ahots bikainen babesa dauena.
25 urte zortzikoteen erreferente izaten
25. urteurrena ospatzeko, esperientzia askotako formazinoekaz programea diseinau da; Donostiako Easo Abesbatzaren emakumezkoen zortzikotea edo Choeur Bayonnekoek; Mondovíko Cantus Firmus zortzikoteak; Lur Maitea eta Jatorki Abots Zuriak taldeen ahotsez osotutako Otxote Mistoa; Joseba Gotzon Kantautxoten proiektuaren barruan; eta, Miranda de Ebroko Amigos por San Juan eta Castro Urdialeseko Ardual otxoteek kalejirean parte hartuko dabe.
Ganera, hogeita bost urteak ospatzeko, zemendiaren 30erarte, 25 FIOP izeneko erakusketea bisitau daiteke, Santa Klara kulturgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!