Blas de Oteroren antologia poetikoa aurkeztuko da lehenengo aldiz Igorren, euskeraz
2024-11-15 11:13 KultureaOrain arte egin ez dan Blas de Otero. Ordaindu gabeko letra bat / Una letra impagada aurkeztuko da.
Ikuskizuna zemendiaren 15ean, 20:00retan izango da Igorreko Lasarte Aretoan. Poetearen ahotsa eta letrak euskeraz entzungo dira haren sustraien hizkuntzan erreklamau beharrik ez daiten egon.
Bariku honetan, zemendiaren 15ean, Blas de Oteroren antología poetikoa aurkeztuko da Igorreko Udaleko Kultura Sailak atondutako ekitaldian, udal liburutegiaren eta Poesia Hegalaria poesiazaleen taldearen laguntzeagaz. Blas de Otero. Ordaindu gabeko letra bat. Gabriel Aresti, L. Anselmi, J. Sarrionandia, M. Agur Meabe, F. Juaristi, Leire Bilbao, Kirmen Uribe, Beatriz Chivite, G. Markuleta, Harkaitz Cano, Haritz Gorrotxategi eta Bernardo Atxaga idazle ezagunek parte hartuko dabe Jose Fernandez de la Sota Fundazinoko buruak babestutako lan honetan.
Horrezaz gan, Pablo Cañadas, Ana Juez, Carmez Martinez, Idoia Carramiñana, Javier Arnaiz eta Irune Elexpe rapsodek parte hartuko dabe eta Alberto Egia pianistea be hor ibiliko da. Ondoren, 3 minutu inguruko film laburra proiektauko da, eta ondoren, Ordaindu gabeko letra bat liburuan jasotako olerki errezitaldia hasiko da. Lan honen helburua da Blas de Oteroren poema bat irakurten dan bakotxean bere ahotsa eta letrak euskeraz be heltzea, inork haren letrak bere sustraien hizkuntzan erreklamau behar izan ez daian.
Blas De otero, bere sustraiei leial
Inoiz sinisterik izan ez eban, eta bere burua inogaz engainetan iotxi ez eban poeteak bere bizitzan zehar, berea sentiduten eban hizkuntzan, euskeraz, ezin berba egiteagaitik tristurea sentidu eban, izan be, euskerea gitxiesten eban gerraosteko gizartean ez eutson ha ikasten itxi, ezta erraztu be. Euskera bakarra, amaren parteko amamari entzuten eutsonean oihartzunetatik jazo eban, umezaroan, Orozkoko haranean, Gorbeiaren babesean, igaroten zituan denporaldietan.
Bertan, Orozkoko herrixka batean, Juan Ramon Jimenezen lehen olerkiak irakurten hasi zan familiaren etxean eta bertan sortu jakon euskal pelotarako zaletasuna herriko frontoian beste ume batzuekaz partiduetan parte hartuz.
Blas de Oteroren ezaugarria izan zan bere sustraien aurrean leial izaten, bere obran zehar, Durangaldeari eta Orozkoko haranari. Poetearen idazkietan Orozkoko eta inguruko bere umezaroko gomuta atseginak nabarmentzen ditu.
Harentzat ez zan inoiz menderakuntzarik izan. Herriak, bere beharrek, bakeak eta askatasunak zituen ardura, olerkariari bizirik heldu ez jakozanak baina zemendiaren 15ean, lehen aldiz, Igorren gauzatuko da, Poesía Hegalaria eta gainerako rapsoda laguntzaileen eskutik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!