AppaMaurizia proiektua izango da III. Loraldia Sormen Digitala Bekearen onuraduna

Bizkaie! 2024-11-13 13:33   Kulturea

Proiektu honek teknologia barritzailea eta euskal folklorearen ondare kulturala buztartzen ditu.

Ines Osinaga eta Lorea Argarate. | Ikusi handiago | Argazki originala



Loraldia Sormen Digitala Bekea euskerazko eduki barritzaileak sustatu eta euskal ondare kulturalean konprometidutako sortzaile digitalen talentua bultzatzeko sortu zan. Hirugarren edizino honetan, bekea plataforma legez sendotu da sormen digitalaren eremuan eta kalidade handiko 23 proposamen jaso ditu, errealidade birtualetik podcast formatura artekoak. Proposamen guztiak aztertuta, AppaMaurizia proiektua izan da aukeratua. Honen buruan, #Mauriziakezdauinorhil kolektiboa dago, Lorea Argarate Zubiak eta Ines Osinagak gidatuta.

AppaMaurizia esperientzia birtualak erabiltzaileak euskal kulturearen eremuetara eroango ditu, musikea, jantza eta kontakizunak barrubatuz. Helburu nagusiak dira euskal kultura ondarea zabaltzea eta belaunaldi barriei transmitidutea eta horretarako, musikari, jantzari eta kultura adituakaz alkarlanean ibiliko da. Proiektu hau 2026ko Loraldia Festibalean aurkeztuko da Bilbon.

AppaMaurizia egitasmoa #Mauriziakezdauinorhil kolektiboa dago. Ines Osinaga eta Lorea Argarate Zubia dira arduradun eta proiektu honen inguruan sortzaile bi horreek diziplina ezbardinetako beste batzuk eta artista lantalde potoloa batuko dabe: jantzariak, teknologian eta VRren erabileran adituak...

Proiektuaren zehetasunak

Errealidade birtualeko esperientzia: euskal kulturearen elementu nagusiak, besteak beste, trikitixea, txalapartea eta euskal jantza tradizionalak, VR bidez eskainiko dira. Komunidadearen parte-hartzea: musikari eta jantzarien ekarpena jasoko dau, esperientziaren benetakotasuna bermatzeko.

Euskerazko sorkuntza digitala sustatzea: proiektua osorik euskeraz landuko da eta ingurune digitalean edukia zabaltzea izango dau helburu.

Loraldia Sormen Digitala Bekeak euskerazko eduki digitalak sustatzea eta sortzaileen lana ezagutzera emotea ditu helburu eta edizino honetan guztira 23 hautagai aurkeztu dira. AppaMaurizia proiektuak publikoari ikuspegi barritzailea eskainiko deutso, euskal tradizinoak teknologia aurreratuen bidez hurbilduz.

Jasotako proposamenak

Loraldia Sormen Digitala Bekearen hirugarren edizinoan, guztira 23 hautagaitza jaso dira, podcastak, dokumentalak eta errealidade birtualeko eta plataforma interaktiboetako proposamak.

Parte-hartzaileek euskal kulturearen inguruko diziplina digital eta ikuspegi sortzaileak esplorau ditue, formatu eta ikuspegi aberatsa erakutsiz. Hartutako proposamenek sortzaileen interesa eta konpromisoa erakusten dabe euskerazko kultura arloko barrikuntzeagaz eta agirian ixten dabe euskal kultura digitalaren ondarea jagon eta zabaltzeko teknologiaren potentziala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu