Gorlizeko Turismo Bulegoak 'Queer Destination' bereizgarria eskuratu dau

Bizkaie! 2024-11-13 10:27   Pil-pilean

LGBTQ+ komunidadeari zerbitzurik onena emoteko konpromisoa egiaztatzeko nazinoarteko zigilua da.

Gorlizko Turismo Bulegoak Queer Destinations Committed ziurtagiria jaso dau, nazioartean onartutako araua, LGBTQ+ komunidadeari zerbitzu onena emoteko konpromisoa egiaztatzen dauen zigilua. Homologazino hoi esker, Gorlizko Turismo Bulegoa persona guztientzako esperientzia abegikorra bermatzen daben zerbitzuen sarean sartzen da, sexu-orientazinoa, genero-identidadea eta genero-adierazpenari erreparau barik.

Esangura horretan, Gorlizko Turismo Bulegoak bisitariarentzako arretearen eta bere zerbitzuen kudeaketearen bikaintasunaren aurreko konpromisoa sendotzearen alde urratsak emoten jarraitzen dau. Gogoratu behar da 2009tik Q kalitate-ziurtagiria be badauela, bulegoak eskaintzen dituan zerbitzuek profesionaltasun eta irisgarritasun estandar altuak beteten dituela bermatuz. Bulegoan kiribil magnetikoa dago eta Turismo Kalidadearen UNE-ISO 14785 arauaren ziurtagiria beteten da. Euskadiko Turismo Etikoa silu-markea be jaso dau, turismo arduratsu, jasangarri eta etikoa sustatzeko ezarritako markea.

Turismo Bulegoak eskuratutako zigilu barri honen inguruan aitatu behar da Gorlizko udalerria defendatzaile konprometidua izan dala urteetan zehar inklusinoaren, aniztasunaren eta irisgarritasun unibersalaren alde. Turismo Bulegoaren baliozkotze honegaz, herriak beste urrats bat emon deu, persona bat bere sexu-orientazinoagaitik, arrazeagaitik, erlijinoagaitik edo desgaitasunagaitik, besteak beste, baztertuta sentidu ez daiten.

Aniztasunagaz eta inklusinoagaz dugun konpromisoa ziurtatzen dauen nazinoarteko autorpena da. Lorpen honek erakusten dau Gorliz gero eta helmuga abegikorragoa dala persona guztientzat eta batez be LGBTQ+ komunidadearentzat. Urrats garrantzitsua da Gorliz turismo inklusiboaren eta arduratsuaren arloan jomuga erreferente bihurtzeko. Harro gagoz bardintasuna eta errespetua sustatzen dauen udalerri bat eregiten jarraitzeko emondako pausu honengaitik, adierazo dau Ekaitz Pau alkateak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu