Barikuan hasiko da 35. Jazz Blues Jaialdia
2024-11-13 08:27 MusikeaElorrioko Arriola Antzokian izango dira bost kontzertuak.
Hilaren 15ean, barikuan, hasiko da Arriolako 35. Jazz Blues Jaialdia. 20:00etan igongo dau Ateneoko oholtzara Hilario Rodeiro galiziarra buru dauen taldea. Nazinoartean prestigio handiko musikaria, Pausa lana aurkeztera etorriko da. Pop-rock instrumentalaren, ganbara-musikearen eta jazz esperimentalaren arteko mugan dago.
Hurrengo egunean, 22:00etan, Italiako gitarrista batek joko dau, Enrico Crivellarok hain zuzen be. Errespetu handiko figura bihurtu da nazinoarteko eszenatokietan, besteak beste, sentimendu indartsua erakusten dauelako. Jazza, swinga, zydecoa, countrya, gospela ondo baino hobeto menperatzen ditu.
Zemendiaren 23an, gaueko 22:00etan, euskal musikariak tartean dituan La Blues Company taldea entzuteko aukerea izango dabe blues-zalerik amorratuenek. Ñaco Goñi harmonizista historikoa, Paul San Martin pianistea, Edu Bighands gitarristeak eta Fernando Beiztegui abeslariak eta Martí Elías bateristea dagoz proiektuan.
Broken Saladen be tokiko musikariak batzen dira. Hip-hopa eta New Orleanseko brass bandea buztartzen dituan talde horrek zemendiaren 28an joko dau, 21:00etan. Euskeraz, woloferaz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez abesteaz gan, jatorri, soinu, nortasun eta proposamen musikal ugari lantzen ditue.
Jaialdiari agurra emoteko, zemendiaren 29an, 20:00etan, Move Quartetek hartuko dau Ateneoa. Momentum lana aurkeztera etorriko da tokiko musikariz osotutako laukotea, tradizino jazzistiko, klasiko eta folklorikoa herri-musika garaikideagaz buztartzeko prest.
Sarrerak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!