Azkuna Zentroak bere diseinu eta sormen ekosistemea erakutsiko dau

Bizkaie! 2024-11-13 08:21   Kulturea

This is Basque Design Merkatuan, hain zuzen be.

Zemendiaren 22tik 24ra hogeita hamar bat sortzailek beren proiektuak eta produktuak erakutsi eta beren sortze-prozesuak konpartiduko ditue publiko ezbardinetarako topaketa eta tailerren bidez. Sartzea doban.

Bilbao Bizkaia Design Weeken barruan egingo da This is Basque Design Merkatua, bere hamargarren urteurrenean gonbita egingo baitau praktika sortzaileak birpentsau eta etorkizun jasangarriago, bidezkoago eta barritzaileago batera bideratzeko.

Merkatuan erakutsiko dira Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroan komunidade hori osotzen duten hogeita hamar sortzaileen produktuak eta proiektuak, izan be, modea, bitxigintzea, dekorazinoa, osogarriak, jostailuak, liburuak, ilustrazinoak eta papelgintzea ikusteko aukerea egongo da.

Hiru egun horreek aukera parebakoa izango dira bertatik bertara ezagutzeko enpresa horreen atzean dagoan proiektu pertonala eta profesionala, enpresek sendo egiten baitabe barrikuntzearen eta esperimentazino artistikoaren alde, ikuspegi jasangarri batetik. Era berean, publikoak aukerea izango dau prozesu horreetan parte hartzeko astegoienean egingo diran tailerren bidez.

Azkuna Zentroak 2019an jarri eban abian This is Basque Design, bertoko diseinua eta sormen-industriak sustatzeko helburuari eutsiz. Proiektua DendAZ, design concept storean gauzatu zan, Azkuna Zentroaren saltokian; eta bost urte honeetan diseinuaren erreferentzia bihurtu da. Komunidade artistiko honen bitartez, Zentroak zehaztasun guztiak jagoten diran artisau-lanari balioa emoten deutso: materialen aukeraketea zein prozesu eta produkzinoa.

DendAZ osotzen daben enpresen atzean dagoan proiektu personal eta profesionala ezagutzeko aukerea bihurtzen da This is Basque Design Merkatua: tokiko eta artisau produkzinoa, kalidadekoa eta iraunkortasungaz konprometidutakoa.

This is Basque Design Merkatuaren Tailerrak

Aukerea izango da era askotako diseinu eta fabrikazino-teknikak ikasteko eta praktiketako, artistek emondako tailerren bidez. Gainera, Atarian dituen standetatik, hainbat diseinatzailek publikoagaz berba egingo dabe, beren ibilbide profesionalen eta beren marken bidez egiten dituen sormen-prozesuen barri emoteko.

1. Collage geometrikoaren hastapenak Susana Blascogaz (diseinatzaile grafikoa eta artista bisuala da, argazkiakaz egindako collagean espezializautakoa; lanetan, behin eta barriro agertzen dira zatikatzea eta geometría). Zemendiaren 22an, 17:00-19:30.

2. Karelia artisau-testura Tytti Thusberg diseinatzaileagaz. Zemendiaren 23an, 11:00-13:30.

3. Kandela lurrintsuen eta wax melten Karama Candlegaz. Zemendiaren 23an, 11:00-13:30.

4. Zemendiaren 23an, Artisautzako erakustaldia (11:30-14:30): Loitz Ceramicaco Alex González.

5. H05: prozesuaren instalazinoa: jantziak eta objektuak egiten ditue, bertan giza eskalan moldatutako langintzea ardatz hartuta.

This Is Basque Design Merkatuaren arloan, Archivo aurkeztuko da, Visita 24/25 bildumea egiteko prozesu sortzailean egindako ibilbidea. Erakusketea denpora-espazio bat da eta erakusgai ditu 1/1 piezak, prototipoak, jantzi bereziak eta Mercedes Benz Fashion Weeken aurkeztutako desfilerako sortutako objektu bakanak.

Ordutegia:

Barikuetan: 16:00-20:30.
Zapatuetan: 10:00-20:30.
Domekatan: 10:00-15:00.

Non

Kulturen Ataria

Tailerrak

15€ /11€ AZ txartelagaz

 Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu