Pantzartek 'Kolorez kolore' eskainiko dau CMD Otxarkoagan, zezeilaren 21ean
2024-11-12 13:45 KultureaGaraikidea dan arte hau sustatzeko bidea egiten dabil 43. Bilboko Nazinoarteko Txotxongilo Jaialdia.
Aurten, itsasoari begiratuko deutsagu, gerratik iges egin eben milaka ume euskaldunentzat bide izan zan elementu zabal eta misteriotsu horri, gaur egun be babesleku eta bizimodu barri baten bila dabizanentzat bide arriskutsua danari. Zeharkaldia balearen irudiagaz sinbolizetan dogu, zoritxarraren erdian askatasuna eta itxaropena irudikatzen dituan izakia. Baleak, migrazinoaren eta biziraupenaren historiei lotuta, gomuta eta memoriaren botereari buruz hausnartzera animetan gaitu.
Jaialdi hau (zemendiaren 16tik 24ra) herrien eta kulturen arteko topaketa eta anaitasunerako gunea da, baita alkartzen gaituen istorioez gozetako lekua be. Programazino aberats eta anitzarekin, erresilientzia, identidadea eta giza espirituaren indarra lako gaiak aztertuko ditugu. Bidaia honetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu, antzezpen bakotxa aukera bat izango dan bizipen horreekaz konektetako.
Edizino honetan, programa zabal bat eskainiko dogu, kulturarteko presentzia nabarmenagaz eta txotxongilo eta objektuen konpainien arteko topaketea erraztuz, arlo artistiko eta profesionalaren interes eta danen beharrak defendiduteko espazio bat sortuz.
Bertan izango dira The Fifth Wheel alemaniarra, Di Filippo Marionettes italiarra, Compagnie Alinèa frantziarra eta Maleta Company & Cía Balancetoi irlandarra, Minusmal, A la Sombrita, Eugenio Navarro, Carlos Gallardo eta Guillem Albà estaduko talde enblematikoakaz batera, baita Euskal Herriko konpainien erakusketa interesgarri bat be (Bego Alabazan, Pantzart, La Enana Naranja, Rosa Martinez eta Picuentos Bilboko udal txistulari bandeagaz eta Garazi Navas akordeoilariagaz).
Jarduera eta programazinoaren egoitzea Otxarkoaga auzoan egongo da, bertako Udaltegiko Aretoan eta Txotenagunean, titiriteroen topagunean. Gainera, helduentzako programazinoa, aurreko urteetan bezela, Deustuko La Fundicion Aretoan egingo da, eta eskola-emonaldiak Otxarkoaga, Basurto eta San Frantziskoko auzoetara zabalduko da. Jaialdia Bizkaiko beste herri batzuetara be helduko da, besteak beste, Basauri, Arrigorriaga, Muskiz, Lezama, Larrabetzu, Derio, Areatza (Villaro) eta Natxitua (Ea).
Txotenagunea nabarmentzen dogu, hainbat topaketa eta jarduera egingo baitira bertan, besteak beste, La cortina rasgada (un viaje entre dos mundos) erakusketa/tailerra. Gune hori dinamizetan auzotarren eta bisitarien arteko gizarte eta kultura-kohesinoa sustatu nahi dogu, bai eta titiriteroen etxea ezagutarazotea be, nondik datozen kontuan hartu barik.
Oinarrizkoa da autortzea, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako babesik barik, jaialdi hau ezin izango litzate gauzatu. Gure zuzendaritza eta produkzino-taldea boluntarioz osotuta dago eta, arte honen aurreko maitasunez eta errespetuz, kulturan egiten dan inbersino publikoa herritarrentzat onuragarria izan daiten lan egiten dabe.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!