Fermin Leizaolaren bildumea Gordailuan sartu dabe
2024-11-12 09:22 KultureaEuskal tradizinoko 4000 pieza etnografiko baino gehiago batzen ditu.
Fermin Leizaola Calvo (Donostia, 1943) bizimodu tradizionala eta haren irudikapenak aztertzen hasi zan. Gipuzkoako Foru Aldundian, Gipuzkoarako bilduma etnografikoa sortzeko beharra planteau eban, horren bidez gure arbasoen bizitea eta lanbideak irudikatzea lortuko ebala esanez. Une haretan, baiezko erantzuna emon eutson Gipuzkoako Aldundiak.
60 urtez, Fermin Leizaolak Euskal Herriko bizimodu tradizionala argi eta garbi erakusten eben piezak eskuratzeko egin dau lan.
Holan, gaur egun, Fermin Leizaola bildumako 4000 pieza etnografiko dagoz jasota Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan, Gordailuan. Lanbide tradizionaletako piezak dira, esaterako: arotzeriako tresnak (garlopak edo antxinako zerrak); eta eguneroko objektuak, besteak beste, nekazaritzako lanabesak, etxeko gauzak eta zeramika herrikoia. Pieza horreetako batzuk, ganera, gaur egun Euskal Herrian desagertutako lanbide edo bizimoduei lotuta dagoz.
Goizane Alvarez Kultura diputaduak balioa emon nahi izan deutso Fermin Leizaolak, Aranzadi Zientzia Alkarteko Etnografia Saileko zuzendariak, egindako lan bikainari; Gipuzkoako Foru Aldundiak aparteko etnografia-bildumea izan daian ekarpen handiena egin daben personetako bat da. Fermin Leizaola Bildumeak gure nortasunaren eta sustrai kulturalen testigantza baloraezina jasoten dau. Sei hamarkada luzez Fermin Leizaolak ondare hori gordeteko eta transmitiduteko egindako ahalegin nekaezinak agirian itxi dau bildumeak. Horreezaz gan, belaunaldiei ezagutarazoteko eta jagoteko guganatutako konpromisoa berretsi nahi dogu.
Etnografia Saileko erreleboa
Fermin Leizaolak etnografia saileko zuzendaritzan erreleboa emongo deutso Maite Errarte (Beasain, 1995) historialariari. Maite 2019an sartu zan etnografia sailean eta, Suberri Matelogaz batera, ondare kultural materiala katalogetako proiektuak, museografiakoak eta dibulgazinokoak zuzendu ditu.
Gaurtik, hilak 12 eta 15era bitartean, San Telmo Museoagaz alkarlanean, Aranzadiren 45. Etnografia Jardunaldiak aurkeztuko dira. Sailak azken urteetan ikertu eta garatutako etnografia-proiektuak batuko ditue.
Fermin Leizaolak emongo deutse hasierea jardunaldiei eta 45 urteren ondoren saileko zuzendari bezela azkenak izango dira. Bertan, Fermin Leizaolak urte luzez zuzendutako ibilbideari amaierea emongo deutso.
Ganera, hitzaldiak streaming bidez eskainiko dira Museoaren Youtube kanaletik.
- Zemendiak 12: Algunos elementos de cultura material propios de vasconia. Hizlaria: Fermin Leizaola.
- Zemendiak 13: Genealogiatik etxeko dokumentuetara Gipuzkoan. Hizlaria: Mikel Prieto.
- Zemendiak 14: Pottoka: Euskal Herriko poniaren jatorri era ondareari jarraika. Hizlariak: Miren Iraeta Orbegozo, Sofia Marcos eta Oihane Mendizabal.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!