Aurten ozeanoen esplorazinoa da erronkea

Bizkaie! 2024-11-12 09:04   Kulturea

16. Firts Lego League Euskadiren barruan dator ekimena.

Martxan da First Lego League Euskadi (FLL) eta aurten erronkea da ozeanoak ezkutatzen dituan sekretuak ezagutzea. Esaten da ozeanoen % 80 esplorau barik dagoala eta, hain zuzen, erronka horri egin beharko deutse aurre mundu osoko 650.000 ikaslek, tartean Euskadiko DBHko eta Batxilergoko 2.000 ikaslek baino gehiagok. Programeak edizio honetarako diseinautako erronkeari egingo deutse aurre: Submerged. Horrenbestez, martxan da Euskadiko hezkuntza-programea, Barrikuntzaren Euskal Agentziak bultzatuta. Estaduan parekorik ez dauen ekimen honen barruan, ikasleek sei bisita zientifiko-teknologiko egingo ditue aurtengo erronkea ardatz hartuta.

Gaurtik abenduaren 17ra, Euskadiko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko hainbat ikaslek aukerea izango dabe, besteak beste, ozeanografian izan diran aurrerapenen barri jakiteko eta ozeanoaren eta espazioaren artean zer lotura dagoan ikasteko. Ekimen honen helburua da 9 eta 16 urte bitarteko gazteen bokazino zientifiko-teknologikoak sustatzea, modu dibertigarrian eta praktikoan.

Innobasque da Euskadiko edizino honen atontzailea, Deustoko Unibersidadeagaz, Mondragon Unibersidadeagaz eta Euskal Herriko Unibersidadeagaz alkarlanean. Era berean, lankide dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Zientzia, Unibersidadeak eta Barrikuntza Saila eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako foru aldundiak. Erakunde horreen guztien konpromisoa da ikasleen artean karrera zientifiko-teknologikoakazko interesa eta eurei lotutako gaitasunak sustatzea, besteak beste, barrikuntza, esperimentazinoa, pentsamendu kritikoa, talde-lana eta sormena, besteak beste. FLL Euskadi programea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen dauen STEAM Euskadi Estrategian txertatuta dago, ikasleen
formakuntza zientifiko-teknologikoa bultzatzeko.

STEAM Hezkuntzako (zientzia, teknologia, injinerutzea, arteak eta matematika, ingelesezko siglen arabera) erreferentziazko programa lez sendotu da Euskadin.

Oraingo honetan, sei bisita atondu dira, AZTI, Vicinay Marine, Sener, Donostiako Aquariuma eta hainbat erakunde garrantzitsu lankide dirala; esangura horetan, zentro horreetako adituen eskutik, ikasleek aukerea izango dabe ozeanoen esplorazinorako teknikak ezagutzeko eta itsasoen biodibersidadea jagoteko egiten dabizan ahaleginen barri jakiteko. Holan, besteak beste, urpeko robotak behatzeko edota itsasoko plataforma eolikoen ainguratze-kateak monitorizetako aukerea izango dabe, diziplina anitzeko hezkuntza-esperientzia praktikoan sartuz.

Aurtengo programea First Lego League Euskadi ekimenaren final handiagaz amaituko da 2025eko zezeilaren 22an, Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen. 6 eta 16 urte bitarteko gazteak batzen dituan ekitaldi hau plataforma bat da, etorkizuneko zientzialariek, teknologoek eta ingurumenaren babesleek eurenn proiektuak erakutsi eta ozeanoen etorkizunari buruz dituen ikuspegiak konpartiduteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu