‘Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina’ erakusketea Garesko Vínculo Etxean ikusgai

Bizkaie! 2024-11-11 07:45   Kulturea

Zemendiaren 26ra arte egongo da zabalik. 

Erakusketan aragoierea, katalana, okzitanierea eta euskerearen inguruko azalpen eta datu agiri dira.

Euskaltzaindiak Garesko Udalagaz alkarlanean atondu dau egitasmoa eta Nafarroako Gobernuak diruz lagundu dau.

Erakusketearen inaugurazino-ekitaldian izan dira Ainhoa Azpilcueta Garesko Udaleko Euskera eta Hezkuntza zinegotzia, Javier Arakama Euskarabidea Institutuko zuzendari - kudeatzailea eta Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria eta Akademiaren Jagon sailburua.

Ainhoa Azpilkuetak hizkuntza ezbardinen arteko hartu-emon historikoaz jardun dau, gogorarazoz Done Jakue bideari eta Errege-abelbideari esker Pirinioak eta Gares estuki loturik egon dirala historian: Askotan entzun dogu Pirinioa ez dala mugea izan eta holan izan da aspalditik. Peio Monteano historialariak dino XVI. mendean behenafar ugari etorri zirala Izarbeibarra biziten, batzuk eskribau lanak egiteko eta beste batzuk hargin zereginetarako. Duda barik, euskaldunak ziran eta denporearen porasuz bertako aldaerea ikasiko eben. Gure euskera aldaerea, XIX. mendean galdu zana, oraindino entzun geinke Erroibarko edadeko hiztunen artean, ibar biak hego-nafarrerearen geografiaren parte izan baitira. Beste lotura bat Pirinioagaz Errege-abelbidea izan da. Aezkoa-Cascantekoak zeharkatzen dau gure geografia eta bide horren bitartez animaliak, personak eta berbak heldu jakuz. Lotura historikoen aitamena amaitzeko, nafar-aragoierearen presentzia azpimarratu behar dot. Nafar-aragoierearen berbakerea orain hainbat mende desagertu arren, ez dira gitxi Izarbeibarko gaztelanian geratu jakuzan hondar berbak. Horretaz jaubetzeko, Jose Mari Iribarrenen hiztegia leidutea da onena.

Sagrario Alemanek eskerrak emon deutsoz Udalari, Euskera Kultur Zikloan erakusketeari lekua egiteagaitik eta euskerearen alde egiten dabilen lanagaitik. Nafarroako Gobernuarentzat be esker oneko berbak izan ditu: urtero sinatzen dogun hitzarmenak aukerea emoten deusku erakusketa hau eta beste batzuk Nafarroako udal eta kontzejuetara eroateko. Askotan uste dogu Pirinioen alde bietan gaztelania eta frantsesa dirala hizkuntza bakarrak, euskerearen, okzitanierearen, aragoierearen eta katalanaren kalterako. Erakusketa honetan laburbatzen dira hizkuntza horreeen ezaugarrietako batzuk eta euren historiaren adierazpen garrantzitsuenak.

Javier Arakamak be Akademiaren eta Euskarabidearen arteko aspaldiko lankidetzea ekarri dau gogora: honelako egitasmoetan ikusten dira Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak daben hitzarmenaren ondorio positiboak, nafarrentzat onuragarriak direnak. Beraz, erakunde bien arteko alkarlana oso emonkorra da». Gainera, adierazo dau ikerketea eta ikerketearen emoitzak plazaratzea sano garrantzitsua dala, gizartearen esku jartea eta Euskaltzaindiak dibulgazino lan hori bikain egiten dau.

Erakundeetako ordezkarien berben ostean, hizkuntzalaritzan adituak diran konbidadu biren hitzaldiak entzuteko aukerea izan da Garesen: Josune Aznarez, filologoa eta Eusko Ikasgaietan aditua, nafar Pirinioetako ekialdeko euskalkiei buruz ibili da. Bigarren hizlaria Anchel Reyes soziologoa izan da. Ikerlari honek, aragoierearen gaur egungo egoerea zein dan azaldu dau.

Erakusketearen ordutegia

Martitzenetik barikura barikura (9:30-16:30), zapatuetan (10:00-14:00) eta domeketan (11:00-14:00).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu