Guggenheim Bilbao Museoko 'Kosmo' proiektuak publikoaren eta epaimahaiaren sariak jaso ditu
2024-11-07 07:45 KultureaTresna digital barritzailea da Kosmo, artearen eta teknologiaren alkargunean dagoana.
Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artistak modu interaktiboan esploratzeko aukera eskaintzen dauen Kosmo izeneko tresna digitalak publikoaren eta epaimahaiaren sariak eskuratu ditu Lovie Awards 2024 sariketako Datuak bistaratzeko proiekturik onena kategorian.
Museoaren Kide Korporatiboa dan La Tempesta etxeagaz lankidetzan landutako proiektua da Kosmo eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman ordezkatuta dagozan artisten barri emoteko eta Museoko funtsei zein egileei buruzko begiradak, lotura, zeharkako irakurketa eta hurreraketak eskaintzen ditu.
Lovie Awards sariak kulturearen eta teknologiaren arloan bikaintasun digitala autortzeko Europako saririk prestigiotsuenak dira. Epaimahaia Arte eta Zientzia Digitalen Nazinoarteko Akademiako (IADAS) kideek osotua da —erakunde horrek kultura eta teknologia digitalean adituak diren 4.000 kide baino gehiago hartzen ditu bere baitan.
Sariketaren hamalaugarren edizino honetan Europako 35 herrialdetako 1.200 proiektu baino gehiagok hartu dabe parte.
Kosmo
Tresna digital barritzailea da, artearen eta teknologiaren alkargunean dagoana. Bere diseinu dinamiko eta irisgarriari esker Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumea arakatu daiteke eta bertan ordezkatutako artistak eta euren arteko loturak ezagutu, bai eta Museoaren historian zehar hareek parte hartu daben erakusketak be.
Kosmoren merituetako bat da interfaze bakar batean batzen dirala Bildumeari buruzko eduki kuratorialak eta hezkuntzeari lotutakoak eta ezaugarri horri esker erabiltzaileek arte garaikidearen ulermenean sakontzeko artelanei buruzko informazinoa, horreen arteko loturak eta multimedia edukiak esplorau leikiez. Guggenheim Bilbao Museoaren proiektu estrategikoa da eta web semantikoaren, datu estekatuen (LOD) eta adimen artifizialaren zehazpenen arabera eboluzionauko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!