Pablo Gonzalez de Langarikaren poemetan oinarritutako errezitaldi musikala Bilbon
2024-11-07 10:51 Kulturea2016. urtean hildako poeta bilbotarra omentzea da asmoa.
Manuel Madrid eta Nestor Paz musikariek osotutako Poesía Necesario bikoteak La palabra a ti debida lana eskainiko dau, bilbotar egilearen hamahiru poema musikatuz.
Pablo Gonzalez de Lagarika erreferentetzat joten da gaztelaniazko euskal lirikearen barruan eta, esangura horretan, Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneko liburutegiko areto nagusian, Poesía Necesaria bikoteak eskainitako errezitaldi musikal bat izango da, Pablo Gonzalez de Langarika, Bilbon jaio eta 2016an hildako poetea gogoratu eta omentzeko. Sarrera librea izango da lekua bete arte.
Manuel Madridek (konpositorea, abeslaria eta gitarristea) Nestor Paz moldatzaile eta biolontxelisteagaz batera Poesía Necesaria bikotea sortu eban 2012an baina musikari bi horreek hogeita bost urte baino gehiago daroez alkarlanean eta Espainiako eta Latinoamerikako geografiaren zati handi batean ibili dira. Holan, Uruguai, Kolonbia eta Euskadiko poesia jaialdietan kontzertuak eskaini ditue, baita Argentinan, Costa Rican eta Perun be.
Haren ibilbidean Ruben Dario, Miguel Hernandez, Gustavo Adolfo Bécquer eta Antonio Machado poeten bertsoei musikea jarri deutse. Pedro Casaldáliga lako poeta garaikideen lanak be musikatu ditue. Haren azken lanaren izenburua La palabra a ti debida da eta Pablo González de Langarikaren memoriari eskainia dago. Bertara egile bilbotarraren hamahiru poema batu dira.
Pablo González de Langarika
1947ko zezeilean Bilbon jaio eta Bilbon hil zan 2016ko martian. Langarikaren bizitea poesiari eskaini eutson eta bere obra hainbat antologiatan sartu da eta euskerara, italierara, frantsesera eta korsikerara itzuli da. Gaztelaniazko euskal lirikearen barruan erreferentetzat joten da, hainbat sari jaso baititu: Canto terrenal poemarioak Bahia saria irabazi eban 1975ean; Del corazón y otras ruinas lanak Eusko Jaurlaritzearen Alonso de Ercilla saria jaso eban 1985ean; Los ónices de Onán lanak La Galleta del Norteko Literatur Tailerren II. Poesia Erotikoaren Saria irabazi eban 1989an; La rueda oscura, Endecha de la huella oscura eta 27 sonetos de amor y una canción enenajenada lanak Imagínate Euskadi Saria jaso eben 1992, 1994 eta 1996 urteetan, hurrenez hurran. Egilearen beste lan nabarmenetako batzuk honako honeek dira: Contra el rito de las sombras (1976), Los ojos de la iguana y otros poemas (1987), Cálices de octubre (1989), Entre los pliegues de la luz (2012) eta Bajo el ligero peso de la nieve (2016).
Pablo González de Langarika Poetas por su pueblo taldearen sortzaileetako bat izan zan eta 1981etik Zurgai poesia aldizkariaren zuzendaria, euskal literatur argitalpenen dekanoa eta Euskadin idatzitako lirikearen ezinbesteko erreferentzia.
Haren obran Blas de Otero, Juan Larrea edo Miguel de Unamuno lako egileen eragina ikusi daiteke, gai sozialak eta existentzialak jorratzeko arduran islatua, baina Pablo González de Langarikak irudi ikusgarriak, ezohikoak eta errealidadearen kontzeptu ezkorra ezaugarri zituan hizkuntza propioa sortzen jakin eban.
Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiak kulturea zabaltzeko dauen gunea da. Helburuen artean literaturea, ezagutea eta dibulgazino zientifikoa sustatzea dagoz.
Bertaratzerik ez badago, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!