Bilboko Euskal Museoko birmoldaketa integrala azken fasean sartu da
2024-11-07 09:29 KultureaAurreikusitakoaren arabera, urtebete barru amaituko dira lanak.
Leixuri Arrizabalaga, Euskal Museoko presidentea eta Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia, Iñaki López de Aguileta, Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria, eta Sorkunde Aiarza, Euskal Museoko zuzendaria izan dira Antonio Vaillo, proiektuaren ardurea duen arkitektoagaz. Vaillok baieztatu dauenez, agirikoagoa dan fasean sartu gara, eta Kurtze eraikinari jagokonez, laster estalkia ipiniko dogu eta, beraz, barruko akabera-lanakaz eta instalazinoakaz hasiko gara.
Eraikinen egiturearen eta zimenduen atala landu da eta gaur egun mockup bat egiten dabiz (obrea amaitutakoan Museo barriaren espazioak zelakoak izango diran adierazoteko prototipoa), materialak, koloreak eta azalerak ikusteko.
Momentu honetan, Museoaren azken eraikuntza-fasea hasi da eta, amaitu ondoren, espazio barri bat sortuko da, euskal kulturearen nazinoarteko ate bihurtu nahi dana. Hazkunde-fase honetan, lau eraikinetako solairuak (Kurtze, Miserikordia, Unamuno eta Klaustroa) sendotzen dabiz; fase honetara, beharrezko zimendu-lanak amaitu ondoren etorri dira eta lan konplexuak izan dira, egituren izakereagaitik.
Agintariek espazioetan zehar egin daben ibilbidean, Antonio Vaillo arkitektoagaz batera, Museo barrian erabiliko diran materialak, koloreak edo azalerak gertutik ikusi ahal izan ditue. Horrezaz gan, Kurtze eraikinaren estalkia bisitau dabe, izan be, leku horretan, estalkiaren egitura metalikoa egiteko lanetan dabiz gaur egun (estalkia bere lekuan jarrita dago eta profileria osoagaz eratuta dago).
Kurtze eraikinetik gainerako eraikinetan egiten dabizen lanak ikusi ahal izan ditue. Adibidez, Kurtze eraikinetik Miserikordiara doan galeriaren hormigoizko estalkia, dagoeneko hormigoiz sendotura geratu da. Hormigoizko zutabeak eta habeak eregiten dabiz eta bigarren pisuan termobuztina jarten. Gainera, izei-egurrezko habeak jarri dira lehen pisuan.
Datozen hilebeteetan, lan horreek pisu guztietan aurrera egin ahala, Unamunoko fatxadea osotuko da, izan be, bere garaian aldatu egin behar izan zan, lur-jausi arazorik ez egotea bermatzeko eta arazo hori dagoeneko erabat konponduta dago.
Kontuak kontu, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 20.077.966,83 euroko inbersinoa egin dabe eta obrak politto doaz proiektuan ezarritako erritmoari eutsiz. Aurreikusitakoaren arabera, urtebete barru amaituko dira lanak eta momentu horretatik aurrera, kanpoko biltegian gordetako bildumearen zati bat Museora bueltauko da, Bizkaiko erakundearen erakusketak sortzeko, Museoa barriro edegi ahal izateko.
Museografia horretan, alderdi arkitektonikoa garatzen dan erritmo berean dabiz lanean eta momentu honetatik aurrera, obrearen aurrerapenak nabarmenagoak izango dira. Orain arte, zimendu-lan ugari egin dira eta espero baino hilebete gehiago behar izan dira, obrak egiterakoan egitura-arazorik ez egotea bermatzeko. Egiturazko errefortzu hori ez egoan hasierako proiektuan planteauta, lehendik egoan dokumentazino teknikoan/historikoan ez egozalako jasota eraikinak biluztean aurrerago agertu diren egiturazko bakotasunak. Horrenbestez, azken hilebeteetan lanak egiteko denporea luzatu egin da arrazoi teknikoakaitik baina daborduko guztiak konpondu dira. Arrazoi horreek behar bezela justifikau ditu zuzendaritza fakultatiboak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak (Ondare Saila) eta Bilboko Udalak (Urigintza Saila) izapidetu/baimendu ditue Miserikordia eraikinaren egiturea indartzea eta, ondorioz, Unamunoko fatxadea
desmontetea eta espazio hori berratontzea konponduta geratu ondoren, gaur egungo fasera igaro gara, tarte laburragoan aurrerapen handiak ikusteko aukerea emongo dauena.
Lanei jagokenez, Antonio Vaillo arkitektoak ondokoa jakinarazo dau: Miserikordia eraikinean, egurrezko barruko-egiturea eregiten gabiz eta Unamuno eraikinean, barriz, zutabeen eta forjatuen egiturea eregiten. Kurtze eraikinari jagokonez, laster estalkia jarriko dogu; ganerakoan, Klaustroko lanetan laster beira-arasak eta museografia instaletako aukerea egongo da.
Sorkunde Aiarza Bilboko Euskal Museoko zuzendariak honako hau azpimarratu dau: alde arkitektonikoaz gan, museografia eta kontratazino arloetan aldi konplexua dogu zain. Lehen ezarpeneko piezak, Euskal Museo barriaren lehen erakusketa erdi-iraunkorrean egongo diranak, konponduta eta zaharbarrituta dagoz. Museo barriaren ate fisiko eta digitala edegiteko beharrezko zerbitzu guztiak zehazten gabiz. Bide batez, eskerrak emon nahi deutsedaz Bilbao Bizkaia Museoak alkarteko langile guztiei, erabateko barrikuntza horrek dakarren dedikazino eta ahalegin erantsiagaitik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!