Sortzaileek euskerazko 18 proposamen plazaratuko ditue DA! PRO topaketan

Bizkaie! 2024-11-06 13:51   Kulturea

Zemendiaren 26an eta 27an izango da topaketa profesionala.



DA! PRO topaketearen seigarren edizinoa helduko da zemendiaren 26an eta 27an, Durangoko Azokearen atarian. Musika eta familia ikuskizunak eskaintzen dituen sektoreko sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen arteko alkargunea izango da, aurrez aurre ezagutu eta etorkizunerako lankidetza aukerak bultzatzeko. Bertan parte hartuko daben sortzaileen hautaketea egin dabe atontzaileek eta zemendiaren 11tik 22ra bitartean, programatzaileek emon ahalko dabe izena, durangokoazoka.eus atariko izen-emoteen atalean. Deialdi hori zabaldu dabe gaur Bilboko BBK Salan eginiko prentsaurrekoan. BBK Fundazinoa da ekimenaren babesle nagusia eta Musika Bulegoak, Berbaro Alkarteak eta Bizenta Mogel Bibliotekeak be lagunduko dabe.

Topaketan, euskeraz jarduten daben sortzaileak egongo dira euren proposamenak aurkezten. Aurrean, ikusten eta aztertzen, ekitaldiak programau behar izaten dituen kultur zein euskera teknikariak, liburutegietako dinamizatzaileak eta jaien atontzaileak egongo dira. Zuzeneko hartu-emon horreen bidez helburu bi lortu gura ditue DA! PRO topaketaren bultzatzaileek: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar zabaltzea eta kultur programazinoa euskerazko ekitaldiakaz hornidutea, izan be, Durangoko Azokearen aurtengo goiburuak dakarrenez, hartzea emotea da, eta kulturearen zabalpenak hainbat balio ditu; kulturea jasotea gizarteari bueltan emotea da eta euskerea indartzeko bide bat be bai. Hain zuzen, kulturea herritarrakana heltzeko lan garrantzitsua egiten dabe porgramatzaile eta teknikariek eta horregaitik, gaur eurei begira egin dabe deialdia.

Zemendiaren 26an, familia ikuskizunak plazaratuko ditue Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan eta zortzi proposamenek izango dabe lekua: Ene Kantak, Gora Musika, Gookapi, Hutsun txalaparta, Komorebi produkzinoak, Laura Penagos, Loa eta Laia eta Marramiau sorkuntza taldea.

Hurrengo egunean musika proiektuen txandea izango da, Plateruena aretoan; 27 talde eta bakarlarik emon eben izena eta horreetatik hamar aukeratu ditue: Albina Stardust, Aria, Eider, Erromintxelak, Heriotz, Kai Nakai, Karena, Mikel Urretagoiena, Trigger eta Zilibito records. Halan da be, izena emon daben guztien proposamenak katalogo bitan txertatu eta programatzaileei helarazoko jakez, urtean zehar ekitaldiak atontzeko lagungarri izan daitezan.

Amorebieta-Etxanon kontzertua

Urtarrilaren 25ean MusikaGaz Fest jaialdiaren hirugarren edizioa atonduko dau Amorebieta-Etxanoko Udalak eta eguneko egitaraua DA! PRO topaketako proposamenakaz osotuko dau. Beraz, hilaren 27ko aurkezpenean parte hartuko daben musikariek hautaketa horretan egoteko aukerea izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu