'Chicago', Broadwayko musikal nagusia Bilbon abenduaren 5etik 29ra

Bizkaie! 2024-12-04 07:55   Musikea

Arriaga Antzokiak 28 saio eskainiko ditu abenduaren 5etik, hau da, estreinaldiaren egunetik.


Ela Ruiz, Jaime Zatarain eta Teresa Abarca.

Ikuskizun musikal handia, generoaren historiako obra garrantzitsuenetako bat, produkzino ikusgarria dakarrena: Chicago, musikala da eta Arriaga Antzokiak abenduaren 5etik 29ra programau du 2024 urteari amaiera bikaina emoteko.

SOM Produce sustatzaileak, Barry & Fran Weissleregaz alkarlanean bultzatuta, Chicago musikala Bilbon izango da abenduan 28 emonaldi eskaintzeko eta, holan, bere arrakasta geldiezinagaz jarraitzeko, Broadwayn estreinau zanetik 25 urte baino gehiagotan izan baita ikusgai, izan be, bersino hau erreferente bat da garai guztietako musikalen artean. Chicagoren muntaketa honetan Victor Conde da zuzendari egoiliarra eta Andreu Gallén zuzendari musikala. Produkzinoa gaur egun New Yorkeko Ambassador Theatre antzokian ikusi daitekeena da.

Fred Ebb eta Bob Fossek idatzia, John Kanderren musikeagaz eta Fred Ebben letrakaz, Chicagok 6 Tony sari, Olivier sari bi, Grammy bat eta beste hainbat autortza jaso ditu, nazinoarteko 60 sari baino gehiago, hain zuzen be.

Arriaga Antzokiak 24 aktore-kantari-jantzari izango ditu agertokian eta zeregin handiak izango ditue Silvia Álvarezek, Roxie Hartena eginez (Teresa Abarcak be egingo du rol hori hainbat emonalditan) eta Ela Ruizek, Velma Kelly hazurmamituz. Jaime Zatarainek Billy Flynn abokatuarena egingo dau eta Imma Cuevasek, Mama Mortonena. Duda barik, musikalean parte hartzen daben artista guztiei ilusinoa egingo deutse Chicago interpretau daben artista handien lorratzean sartzeak, Lizza Minelli, Melanie Griffith, Patrick Swayze, Sofia Vergara edo zerrendan sartu barri dan Pamela Andersonegaz batera.

Chicago

Zikozkeriari, hilketeari eta ikuskizunaren munduari buruzko istorio ederra da Chicago, «All That Jazz» eta Razzle Dazzle lako arrakastaz betea. Broadway musikalik onenen sehaska bihurtzen daben elementu guztiak ditu musikalak: ospeari eta aberastasunari buruzko istorio unibersala, partitura mitiko bat eta historiako onenen aintzatespena dauen koreografia bat.

20ko hamarkadako gainbehera bitxiaren erdian girotuta, Chicagok Roxie Hart etxekoandre eta gaueko klub bateko jantzariaren istorioa kontetan dau. Bere maitalea maltzurkeriaz hilten dau, ustez mehatxua egiten deutsonean. Zigorrari aurre egiteko etsialdiak bultzatuta, Roxiek publikoa, komunikabideak eta Velma Kelly ziegakidea eta arerioa engainau eta Chicagoko abokaturik trebeena kontratetan dau: Billy Flynn. Abokatu ospetsuak haren krimena gitxi eretxiko dau, gaur egun eskandaluei buruzko aldizkarietan irakur daitekezan antzeko izenburu sensazionalistakaz.

Abenduaren 5ean, arratsaldeko 19:30ean izango da etreinaldi ofiziala baina abenduren 29ra arte makinatxu bat aukera izngo dira Chicago musikalagaz gozetako.

Erosi sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu