Ahotseneako disko aurkezpenetan emakume musikarien presentzia ugalduko da

Bizkaie! 2024-11-05 07:40   Musikea

Taldeen erdiek, gitxienez, emakume bat izango dabe.

Eider, igazko Ahotsenean. | Ikusi handiago | Argazki originala

59. Durangoko Azokea abenduaren 5etik 8ra izango da eta hasteko hilebete eskas falta danean, Ahotsenea Musikan parte hartuko daben taldeen zerrendea prest dago. Nabarmentzekoa da emakume musikarien presentzia ugaldu egingo dala aurreko edizinoakaz alderatuta, taldeen erdietan emakumeren bat gitxienez egongo baita. Halan da be, emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna indartu arren, oraindino musikarien artean gizonak dira gehiengoa.

Euskal musikearen erakusleiho indartsua da Ahotsenea eta jaso diran proposamenen kopurua da horren adibide: 108 talde edo bakarlarik emon dabe lan barria zuzenean aurkeztu ahal izateko izena. Horren ostean, atontzaileek hautaketea egin behar izan dabe eta azkenik 34 taldek izango dabe lekua. Musikazaleek aurtengo proposamen barriak ezagutzeko aukera aparta izango dabe, kantuak entzutean eurek be abestuz eta kulturearen parte sentiduta. Durangoko Azokak aurtengo edizinoko lemeak dakarren lez, hartzea emotea dalako.

Musikari gazteen eta ibilbide luzekoen arteko orekea islatuko dau egitarauak: Txopet, Xsakara eta TOC taldeak izango doguze Platerueneko oholtzan baina baita Mikel Urdangarin eta Kokein be eta, beraz, belaunaldien arteko transmisinoaren eta hartu-emonen erakusle izango da egitaraua. Estiloei jagokenez, egungo panorama musikalaren aniztasuna igarriko da, rocka, rapa, elektronika eta folk doinuak buztartuz, besteak beste. Nabarmentzekoa da Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko musikarien partaidetzea hazi egingo dala eta, esangura horretan, lurraldetasunaren ikuspuntutik orekea lortzea izan da helburua.

Ahotsenea Musikako zerrendea

Hauxe da Ahotsenea Musika gunean parte hartuko daben musikarien zerrenda osoa: Aho zakil konexion, Ainke, Albina Stardust, Ameba, Birkit, Durundi, Ekhi Lambert eta Haize Carricaburu, Eneritz Furyak, Ezpalak, Kai Nakai, Kaskezur, Keia, Kokein, Kuartz, Mikel Artieda eta Leire Berasaluze, Maskak, Mice eta Moxal / Odei Barroso eta Benizze, Mikel Urdangarin, Miriam Lujua, Nize, Neu Troia, Orhi, Mirari, Hok Ttuk Hamalau, Postal Kolekzionistak, Saji, Toc, Tu-K, Txopet, Ur, Xabaltx, Xabier Badiola, Xsakara eta Zinkha.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu