Idoia Montón, Josu Bilbao Ugalde eta Tractora Kooperatiba, Gure Artea 2024 sariak

Bizkaie! 2024-10-31 08:31   Kulturea

Euskadin arte plastiko eta bisualen arloko sari garrantzitsuenak dira.

Imanol Pradales lehendakaria, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Hizkuntza Politikako sailburuagaz batera, Gure Artea 2024 sarien banaketearen buru izan da.

Sari horreek Euskadin arte plastiko eta bisualen arloko sari garrantzitsuenak dira:

  • Idoia Montónek ibilbide artistikoaren saria jaso dau.
  • Josu Bilbaok jarduera sortzailea autortzen dauen saria.
  • Tractora kooperatibeak arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduera aintzatesten dauena.

Ekitaldia Orconera fabrika zaharrean egin da, egun topagune bihurtua ondare industriala balioan jarteko.

Hitzaldian, lehendakariak nabarmendu dauenez, Gure Artea sariakaz Euskadi barria, biharko gure herria, pentsetan, konfiguretan eta aurreratzen dagozan personak autortu eta balioan jarten doguz. Sarituek argi erakusten dabe Euskadin harrobia dagoala, halanda ze, upealako talentu sortzaile handia. Euskadiko sistema kulturala indartu nahi dogu: artistek tresnak izan deiezala potentzial guztia garatzeko, adierazo dau.

Era berean, sarituen artean emakumeen presentzia nabarmendu dau lehendakariak, izan be, haren berbetan gure panorama artistikoan erabagigarriak dira. Saria, gidari eta akuilu izango da zuen urratsak jarraitu nahi dituen ganerako personentzat.

Bestetik, ekitaldian izan dira Kulturako sailburuorde Andoni Iturbe eta Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti, baita artearen eta kulturearen sektoreko beste agintari eta ordezkari batzuk, baita Barakaldoko alkatea be, udalerri horretan egin baita sari-banaketea. Aurton, Ismael Manterola arte historialariak, Carmen Garmendia erakusketa koordinatzaileak eta Susana Talayero, Laida Lertxundi de Prado eta Peio Aguirre artistek osotu dabe Gure Artea 2024 sarien epaimahaia.

Ibilbide artistikoa aintzatesteko saria: Idoia Montón.

Aurtengo Gure Artea sarietako epaimahaiak erabagi dau Idoia Montón artista donostiarrak bere ibilbide artistikoa autortzeko saria jasotea. 30 urte baino gehiagoko ibilbidean, epaimahaiak haren jarrera ausarta, arriskutsua eta aurreretxirik bakoa nabarmendu dau, jokera artistiko hegemonikoetatik kanpo kokatuz. Montonen lana erresilientea izan da eta modatatik kanpokoa.

Sormen-jarduerearen saria: Josu Bilbao Ugalde.

Aurten Josu Bilbao Ugalde bermeotarrak jaso dau Gure Artea saria, haren sormen-jarduerea autortzeko.

Epaimahaiaren ustez, Josu Bilbao artisten belaunaldi barri bateko kide da eta artista horreen lanek interes berezia konpartiduten dabe, bizi garen eremua ikuspegi kritiko batetik aztertzekoa. Haren praktika artistikoa interbentzino eskultorikoak egiteko erabilten dituan materialak eta espazioak erreparau eta hareen aurreko alkarrizketatik abiatuta taiututen da. Bizkaitarraren sorkuntzeak etenbako ikerketa-prozesutzat hartzen ditu eta bere lan guztietan agertu izan da austeridade kontzeptua.

Josu Bilbaoren lana Bilduma Partekatuan dago (Artium, Bilboko Arte Ederren Museoa, Tabakalera). 2023an Arte Plastikoetako Leonardo bekea jaso eban. Egun, erakusketa indibidual bi preparetan dago: Artium Museoan eta Espai 13n, Miró Barcelona Fundazinoarena, biak 2025erako.

Arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduerea autortzeko saria: Tractora Koop.E.

Tractora 2018an hasi zan lanean, artea produziduteko eta banatzeko sistemakaz esperimentetako laborategi lez, baita hainbat diziplinatako proiektuak bultzatzeko be. Epaimahaiak sari hau Tractorari emotea erabagi dau, euskal komunidadearen testuinguru artistikoan arte plastiko eta bisualei egindako ekarpen oparoagaitik, haren jardueren kalidadeagaitik eta berezitasunagaitik, proiektuak beste sektore kultural batzuekaz lankidetzan garatzeagaitik, euskal sortzaileen jarduera artistikoa zabaltzeagaitik eta balioesteagaitik eta horreen lanketan eta sustapenean dauen inportantzia artistiko-kulturalagaitik, martxan jarri dituen 3 programen bidez. Lehenengoa Kinu da, ikus-entzunezko praktika artistikoari lotua; bigarrena, Barrunbe egoitzen programea da, lankidetza-proiektuak sustatzeko; eta hirugarrena, Foku erakusketa-programea da, testuinguruko artista garrantzitsuen ibilbidean arretea jartea eta horretarako sarbide informatua ahalbidetzea helburu dauena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu