Euskal Herriko bideo-jokozaleentzako topagunea izango da Jokoteknia zazpigarrenez

Bizkaie! 2024-10-31 07:58   Kulturea

Game Erauntsia Alkarteak eta Azkue Fundazinoak zemendiaren 9rako jarri dabe hitzordua.



Bilboko Euskerearen Etxean lau berbaldiz eta mahai-inguruz gozetako aukerea egongo da goizean; arratsaldean, barriz, euskerazko bideo-jokoen erakustaldia eskainiko da.

Jokoteknia Bideo-jokoen Euskal Jardunaldia bueltan dator. Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazinoak zazpigarren urtez alkarlanean atontzen daben topaketeak euskerea bideo-jokoakaz batzeko bideagaz jarraituko dau. Euskal Herrian bideo-jokogintzearen danetariko arloak lantzen dituen adituak batzea da asmoa, holan, zaletasun hau arlo eta ikuspegi ezbardinetatik aztertuz.

VII. Jokotekniaren aurkezpenean parte hartu dabe Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari nagusiak, Joseba Lozano Santos Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Herri Administrazinoetan Hizkuntzea Normalizetako zuzendariak, Iurdana Acasuso Azkue Fundazinoko zuzendariak eta Lander Unzueta Game Erauntsia Alkarteko kideak.

Bilboko Euskerearen Etxean batuko dira bideo-jokoen euskal jaia ospatzeko: 09:45ean hasiko da jardunaldia, 13:00ean goizekoakaz amaitzeko.

Lau berbaldi eta mahai-ingurua jarraitu ahal izango dira bideo-jokoen munduko askotariko arloetan sartzeko asmoz. Hasteko, Unai Arrugaeta irakasleak bideo-jokoak mugatzeko eta erabilteko aholkuak plazaratuko ditu. Bigarrenik, Ibai Oihanguren software injineru eta bideo-jokozaleak itzulpengintzeari nahiz euskeratutako bideo-jokoei buruz berba egingo deusku. Hirugarrenik, Maite MartinezAtabey Creations estudioko kideak bideo-jokoen marketingari lotutako diseinuaren gakoak eskainiko deuskuz. Azkenik, Mikel Antero Keplerians taldeko arte zuzendariak Glitchmare lako bideo-jokoen sormen prozesua aurkeztuko dau.

Mahai-inguruari jagokonez, Harrobia, Tartanga eta DigiPen Europe-Bilbo ikasteetxetako ikasleek parte hartuko dabe, ikasketei zein Euskal Herriko bideo-jokoen industriari buruz hausnartzeko.

Goizean berbaldiak baina, arratsaldean, Jokotekniak beste bide batetik jarraituko dau: 16:00etatik 19:00retara euskerazko bideo-jokoen erakustaldia egingo dabe: Gamer Gelea. Gure hizkuntzan jokatu daitekezan hainbat joko ezagutzeko eta probetako aukera egongo da; beraz, etxeko txikienak, nerabeak, gurasoak nahiz bideo-jokozalerik amorratuenak batzeko leku aproposa izango da.

Edozein hurreratu daiteke, goizean zein arratsaldean. Horrezaz gan, interesatuek jardunaldia streaming bidez jarraitu ahal izango dabe EITBren YouTube katetik.

Hizlarien aurkezpenak eta emongo dituen berbaldien laburpenak Jokotekniaren webgunean irakurri daitekez.

Geroz eta bideo-jokozale gehiago gara Euskal Herrian; zorionez, zaletasun hau alkarbanatzeko txokoak eta aukerak be ugaltzen joan dira azken urteotan. Jokoteknia industria zabal hau jarraitzen dauen jentea ezagutzeko eta eurekaz ideak konpartiduteko gunea izatea nahi dogu: bideo-jokozale euskalduna bazara, ez eizu aukerea galdu eta animau zaitez!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu