Zabalik dago I. Nazinoarteko Developpe Jantza Lehiaketan izena emoteko epea
2024-10-31 08:20 KultureaMundu osoko 10 eta 19 urte bitarteko gazte talentudunen ikasketak sustatzeko asmoz sortu da.
Zabalik dago 2025eko urtarrilaren 24tik 26ra Bilboko BBK Salan egingo dan Developpe Jantza, Bilbo-Bizkaiko Jantzearen Nazinoarteko I. Lehiaketan parte hartzeko izena emoteko epea. Banakako kategorietan munduko edozein herrialdetako 10 eta 19 urte bitarteko jantza klasikoko ikasleei zuzenduta dago lehiaketea, talentu gazteak ezagutzera emoteko eta euren ibilbidea bultzatzen laguntzeko asmoz. Holan, sarien artean, diru-hornidurak ez eze –7.000 euro baino gehiago guztira–, egonaldiak eta ikastaroak be egongo dira estaduko zein nazinoarteko hamabost bat zentrotan: Jantza Konpainia Nazionalean (Madril), Corella Dance Academyn (Bartzelona), Alberta Balletean (Kanada), Sodreko Ballet Nazionalean (Uruguai), Jude & Mikhaelev Ballet Academyn (Bordele) edo Academie Internationale d´Etén (Niza). Izen-emoteak 2025eko urtarrilaren 11ra arte egin daitekez www.developpedantza.eus webgunean. Nahikoa da online formularioa betetea eta 40 euroko partaidetza-kuotea ordaintzea (20 euro Bizkaian bizi diranentzat).
Banakako hiru kategoriez gan (umeak –10 urtetik 12ra–, juniorrak –13tik 15era– eta nagusiak –16tik 19ra–), Developpe Jantza 4 eta 10 persona arteko taldeen emonaldietara be edegita egongo da. Kasu horretan, taldeetako kideek ez dabe edade-mugarik izango goitik, eta azpikategoria bitan emon ahal izango dabe izena: estilo librean eta euskal jantzan. Taldeentzako sariak garaikurrak eta diplomak izango dira eta izena emoteko kuotea 10 € izango da personako (5 € Bizkaian bizi diranentzat). Oinarri osoak hemen konsultau daitekez.
BBKk, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, Nazinoarteko Developpe Jantza Lehiaketea, Igor Yebra jantzari bilbotar ospetsuak eta Jone Goirizelaia Olaeta Balletetako zuzendariak sortu eben izen bereko alkartearen ekimena da. Jantzea hizkuntza unibersal eta bateratu gisa goiburuari eutsiz, lehiaketeak jantzearen indar kulturalari balioa emotea dau helburu, baita jantza ikasleen eta profesionalen arteko topaketea sustatzea be. Horretan lagunduko dabe, neurri handian, Developpe Jantzak banakako hiru kategorietan lehen hiru postuak lortzen dituen jantzariei emongo deutseen hezkuntzarako eta lanerako aukera ugariek.
Developpe Jantzearen lehen edizino honetako nazinoarteko epaimahaiko kideen multzora Muriel Romero batu da. Romero Jantza Konpainia Nazionaleko zuzendari barria da datozen bost urteetarako. Murtziako jantzari eta koreografoa azken lau hamarkadetan kargu horretan egon dan lehen emakumea da. Beragaz Charles Jude (Pariseko Operako izarra, Lifar Fundazinoko Presidentea eta Nureyev Fundazinoko Zuzendaritza Batzordeko kidea), eta nazinoartean ibilbide garrantzitsua daben Leire Ortueta (Royal Ballet Schooleko irakaslea eta Royal Ballet Companyko jantzaria), Mónica Zamora (Birmingham Royal Balleteko edo Australian Balleteko jantzari nagusia eta Londresko Royal Balleteko gobernadorea) eta Mikel Gonzalez Pujana (Olaeta Balletetako jantzari bakarlaria eta irakaslea) jantzari euskaldunak egongo dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!