Obra Gonbidatua: Historiaren artea. Arriola-Lerchundi liburutegiko eskuizkribuak

Bizkaie! 2024-10-29 13:32   Kulturea

2024ko urriaren 30etik 2025eko zezeilaren 2ra zabalik Bilboko Arte Ederrean Museoan.

Obra Gonbidatua programeak Arriola-Lerchundi Liburutegi bikaineko eskuizkribuen sorta hautatua batu dau edizino honetarako, 20 urte beteko baitira Banco Santander Fundazinoagaz lankidetza hitzarmena sinatu zala. Kronologiari edo gaiari jagokenez hareekaz bat datozen museoaren artelanakaz batera jarriko dira eskuizkribuak ikusgai. Bilbon dago Arriola-Lerchundi Liburutegia eta inportantzia artistiko eta dokumental handiko bilduma pribatua da, aleen bolumenari eta kalidadeari erreparauta. Inprimidutako 20.000 ale daukaz, horreen artean 140 inkunable, eta 15.000 eskuizkribu, José María Arriola bilbotar notarioaren eta haren emazte Rosa Lerchundiren liburuzaletasunari esker batutakoak, hainbat hamarraldiz bisitau izan baititue bildumazaletasun bibliografikoan espezializautako mundu osoko enkante-etxeak, azokak, antikuarioak eta liburu-dendak. Liburutegia jenteari ezagutzera emongo jako orain, XII. mendetik XIX. mendera bitartean datautako 40 eskuizkribuko sorta baten bidez, horixe baita liburu historikoak konserbetea eta ikertzea helburu dauen eta aditu eta bibliofiloek autortutako bilduma baten bikaintasunaren erakusgarri. Tipologia askotako aleak izango dira erakusketan, tartean dirala orduen liburu preziatuak, errege-pribilegioen gutunak eta kaparetasuna egikaritzeko agiriak. Horreekaz batera, izakera bitxiagaitik nabarmentzekoa da euskerazko Biblia bat, eta interes historiografikoagaitik, Francisco de Goyaren gutun autografo bi eta Juan Crisóstomo de Arriaga musikagilearen partitura bat, musikagileak eskuz idatzia hori be. Eskuizkribu zibilen eta eleizakoen balio dokumental horri gehitu behar jako hareen balio artistikoa, euskarri eta pigmentuen aukera zaindua nahiz kaligrafien, apaingarrien eta ilustrazinoen erabilerea baita haren erakusgarri. Begoñako Ama Birjinea, Vilbao la Vieja familiaren armarrian, Pedro eta Santxo Bilbao la Vieja anaien kaparetasun agiriko miniaturea, Burgos, c. 1605.

Ezaugarri horreek dituen zenbait errege-eskuizkribu dagoz: zedulak eta izentapenak, besteak beste, Karlos V.a enperadorearena, eta gurpildun pribilegioak, erregeen zigilua forma zirkular batean agiri dabelako holan deituak, baita erlijiosoak be, esate baterako prozesino-liburuak, ilustrautako pentagrama eta ofizioetarako ohar musikalez hornidutakoak eta debozino pribaturako orduen liburu zoragarriak, balio historiko jakingarria daben dokumentuak: Klemente VII.a aita santuak aldarrikatutako eskumikatze-epai bat, Leon X.a aita santuak fedearen defendatzaile izentautako Henrike VIII.a Ingalaterrakoaren kontrakoa.

José Luis Merino Gorospe Antxinako Artearen konserbatzailea komisario dala, ordena kronologikoari jarraituz erakutsiko dira obrak eta testuinguruan kokatuko dira museoaren bildumako lanakaz batera –11 margolan, eskultura bat, akuarela bat eta argazki bi–; hain zuzen be, interes artistikoa eta eskuizkribuen edukiagaz daben hurbiltasun historiko edo ikonografikoa kontuan hartuta aukeratutako lanakaz batera.

Kronologiaren abiapuntuan, XIII. mendeko Noeren kutxa pinturea eta San Joan, gurutzearen oinetan, XIV. mendeko tailua dagoz, biak ala biak anonimoak; eta, horreekaz batera, interes juridiko, historiko edo erlijiosoa daben XII. mendetik XIV. mendera bitarteko zenbait dokumentu eta kodize. Azpimarratzekoak dira Alfontso I.a Borrokalariaren diploma, Alfonso XI.aren gurpildun pribilegioa eta Joan II.a Gaztelakoak emandako beste bat, Toledoko artzapezpiku eta historialari Rodrigo Jiménez de Radak idatzitako De Rebus Hispaniae Gothica liburua edo Corpus Iuris Civilis, historiako erromatar zuzenbidearen bilduma nagusia, Justiniano I.a enperadorearen aginduz egina, 1477 baino lehen.

Aitamen berezia merezidu dabe Paris, Rouen eta Angerseko orduen bost liburuek, Erdi Aroko eta Errenazimentuko artearen pieza bardinbakoek. Ordu kanoniko bakotxerako errezuak batzen dituelako dabe izen hori. Erdi Aroko monastegi frantsesetako scriptoriumetan hasi ziran era horretako liburuak egiten, XIII. mendean, eta tailer espezializatuetan be landu zituen, aurrerago, hareen erabilerea zabaldu ahala. Jagondako kaligrafia eta pergaminoan edo bitelan miniaturako irudi ederrak zituen, eta errege eta nobleentzat eginak ziran, liburutegi zainduei esker konserbatu baitziran.

Babeslea: Banco Santander Fundazinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu