Euskadiko Orkestreak edegiko dau Durangoko Musika Hamabostaldia

Bizkaie! 2024-10-28 11:23   Musikea

Zemendiaren 3tik abenduaren 15era arte izango da.

XXXV. Durangoko Musika Hamabostaldia, zemendiaren 3tik abenduaren 15era arte luzatuko da. Bartolome Ertzilla Musika Eskolak eta Konserbatorioak atondutako urteroko ekitaldia da.

Zehetasunak prentsaurrekoan emon ditue Bartolome Ertzilla Musika eta Konserbatorioko lehendakari Arantza Barrenetxeak, Iker Ruiz de Alegría zuzendariak, Alfredo Sanz irakasleak eta Xabier Arana Arandoño Alkartekoak.

Barrenetxeak nabarmendu dauenez, Durangoko Musika Hamabostaldiaren XXXV. edizinoak indartu egiten dau durangarrak musika klasikoagaz lotuko dituan kalidade handiko programazinoa eskaintzeko konpromisoa. Kontzertuez harago, ekitaldi horreek Durangon eta eskualde osoan kultur erreferentzia bezela sendotzea dau helburu, guztiontzako musikarako sarbidea sustatuz eta kulturearen inguruan topaleku eta disfrutetako gunea sortuz. Halanda ze, aurton programa anitza eta orekatua diseinau dogu, klasiko handiak eta proposamen barritzaileak buztartuz. Durangarrentzat harrotasun iturri izaten jarraitu nahi dogu, baita kultur esperientzia aberasgarriez disfrutetako aukerea parebakoa be.

Inaugurazino programea Euskadiko Orkestrearen esku egongo da Pantomima ikuskizunagaz. Ekitaldia, zemendiaren 3an izango da, San Agustin Kultur Gunean, arratsaldeko 18:00etan.

Zemendiaren 16an, Spanish Brass Metal boskoteak hartuko dau lekukoa, musikea eta zinemea buztartzen dituan ikuskizuna eskainiz, John Williams, Michel Legrand eta Joaquín Turina konpositore handien lanen egokitzapenegaz. Prestakuntzeak, 35 urte baino gehiagoko ibilbidea dau eta nazinoarteko ganbera-talde ospetsuenetako bat da.

Zemendiaren 23an, Japonia, Uruguai, Euskadi eta Kataluniako musikariek osotutako Del Pino Laukoteak Mozart, Brahms eta Turina musikarien soka eta piano-kontzertua eskainiko dau. Nazinoarte mailan izen handia dauen laukote horrek San Agustin Kultur Gunean emonaldi parebakoa eskainiko dau.

Abenduaren 15ean, Andra Mari eleizan, Gabriel Faureren heriotzaren 100 urte dirala eta, Kontzertu Koral eta Organo bategaz amaituko da Hamabostaldia. Ekitaldia Arandoño Alkarteagaz batera atondu da eta doban izango da edukiera bete arte. Gabriel Fauré Abesbatzak, Hodei Yañez baxuak, Bidane Txopitea sopranoak eta Gerardo Rifon organisteak parte hartuko dabe, Fernando Urainen gidaritzapean.

Sarrerak salgai dagoz hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu